ESKUTITZA

Arren, ez gaitezen etsaiz nahas

Xabier Karril 2025ko uzt. 24a, 08:00

Milakultura eguna egin zuten maiatzean, Lasarte-Oriako biztanleen jatorri aniztasuna aberastasuna dela irudikatzeko.

Lapurreta bat izan zitekeen sutea pizteko txinparta, izan zitekeen adineko gizon babesgabe baten aurkako eraso koldarra; izan zitekeen Torre Pachecon, izan zitekeen Bordelen eta izan zitekeen Hernanin. Arrazistei bost zerk zabaltzen duen ehizarako deia; erreakzionarioei bost lepokorik gabeko emakumea, bost ubeldurek jandako aitona. Aitzakia baten zain egoten dira, aitzakia bat baino ez baitute behar haien gorrotoa paseoan ateratzeko, gezurrek lagundurik.

Aldi berean, funtzio jakin bat betetzen dute halako eskuadroiek estatuarentzat –hortik, adibidez, poliziaren kolaborazionismoa–. Estatuaren biraketa autoritarioa bizitzen ari garen honetan, haren lan zikina egiten duen eraso-samalda osatzen dute aipatu taldeek. Indarkeria baliatzen dute eta inpunitateaz baliatzen dira langileria migrantea otzantzeko, kikiltzeko, ez daitezen matxina, ez daitezen antola, eta etorkizunean balizko apur ziztrin batzuk ere esker ditzaten, etengabe bizirautera kondenaturik.

Bide batez, salagarria da haien burua ezkertiartzat duten batzuek darabilten diskurtsoa, asko baitu erreakzionariotik; migranteek hona etortzeko eskubidea dute gizaki izate hutsagatik, eta kito. “Aiton-amona zaintzaile”, “kaña zerbitzari” eta “erretiro ordaintzaile” erretorika utilitaristak migranteak deshumanizatu besterik ez ditu egiten, eta erreakzioari jokoa egiteko balio du. Migranteek hona etortzeko eskubidea dute, haien herrialdeetan ezinbizia baita nagusi, hemengo estatuek eta enpresek ustiatu eta miseria orokorrera kondenatzen dituztelako, kito.