Semearen osasunaren alde, epaitegietan borrokan ari da Patricia Martin herritarra. Hesteetako gaixotasun batekin jaio zen bere seme Yeray Rodriguez Martin duela hamabost urte. Hori ez da, ordea, gazteak nozitzen duen patologia bakarra. Madrilgo ospitalean hesteetako gaitzaren zainketarekin ari zirela hitz egin zieten, lehen aldiz, gaztearen garaieraz ere. 14 urtetara arte, adin horretarako aurreikusten zen garaiera baino gutxiago neurtzen zuen Yerayk, eta horretan lagun ziezaiokeen hazkunde hormonaren berri eman zieten medikuek. Madrilen, aldiz, ezin zieten tratamendu hori eskaini; euren komunitatean eskatu behar zutela esan zieten. Gauzak horrela, hemen eskaera egin zuten, baina ukatu egin zieten. Martinek eta Yerayren aita David Rodriguezek, ordea, semearen osasunaren alde "edozer" egingo zutela garbi izan dute beti, eta ukapen horri lau errekurtso jarri zizkioten. Horiek guztiak ere atzera bota zizkieten, eta bide hori agortuta, salaketa jartzea beste aukerarik ez zutela esan zien euren abokatuak. Horrek, ordea, gastu ekonomiko handia ekarriko ziela jakinik, bere semeari hazkunde hormona ordaintzen jarraitu edo bide judizialari ekitearen artean erabaki behar izan zuten. Ez zuten zalantzarik izan; semeari tratamendua ordaintzen segitzearen alde egin dute.
Ustez epaitegiak alde batera utzita, bat-batean uneoro ondoan izan duten Iñigo Jaka mediku eta abokatu ohiaren deia jaso zuen Martinek. Hari esker jakin zuen bazela euren kasua musu truk defendatzeko prest agertu zen abokatu bat: Oscar Padura. Berarekin ari dira, beraz, epaitegietan, semearen osasunaren alde borrokan. Osasun sailari eskatu diote orain arte hazkunde hormona erosteko izan duten gastu ekonomikoa itzul diezaieten. Eskaera horri dagokion lehen erantzuna orain aste batzuk jaso zuten. Euren alde agertu zen epailea, baina Osasun sailak errekurtsoa jarri dio prozesuari, eta horrek ekarriko duenaren zain daude gaur-gaurkoz. Ikusi beharko da zer datorren, baina Martinek argi du datorrena datorrela, borrokan jarraituko dutela, begi bistakoa baita aipatu tratamendu horrek on egiten diola euren semeari.
Gastu ekonomiko handia
Hilero 1.100 euroko gastua suposatzen dio Rodriguez Martin sendiari hazkunde hormonak. Horren erdia ordaindu behar du gaztearen ama Patriciak, eta azpimarratu du, hilero-hilero diru kopuru hori gordetzea "ez dela batere erraza". Zailtasun horren erakusle da, orain gutxi gertatu zaiena; hilabete batez ezin izan diote semeari hazkunde hormonari eman, ezin zutelako ordaindu.
Orain arte inguruko senide, lagun eta gertukoengandik jasotako babesa "oso lagungarria eta eskertzekoa" izan dela kontatu du; horrek ahalbidetu die Yerayri hilero tratamendua ordaindu ahal izatea, baina, orain, egoera bestelakoa da. Horregatik, crowdfunding-a martxan jarri du Martinek; honako hau da ekarpenak egiteko esteka: https://gofund.me/7fb485b3.