Jon Martin herritarra, Japoniako biran lanean

Txintxarri Aldizkaria 2025ko uzt. 24a, 11:30

V-Varen Nagasakiren aurkakohamaikakoan izan zen Jon Martin herritarra. Arg.: Real Sociedad SAD.

Real Sociedad taldeak aurredenboraldia hasi zuen hilaren 7an. Entrenamendu saioak eta lagunartekoak, Japoniarako bidaia... Jon Martin herritarra kide duen taldeak liga prest hasteko egutegi zorrotza jarraituko du

Hilaren 18an, lehen lagunartekoa jokatu zuen Realak Paueren aurka eta 2-0 gailendu ziren txuri-urdinak lehen zatian sartutako bi goli esker. Sergio Francisco entrenatzaileak jokalari guztiak zelairatu zituen eta Jon Martin herritarra bigarren zatiko hamaikakoan izan zen.

Egun taldearen gehiengoa, Martin herritarra barne, Japonian dago. V-Varen Nagasaki eta Yokohama FC (hilaen 25a) taldeekin lagunartekoak, bertako haurrekin entrenamendu bereziak edo Reala Nippon zale taldeari bisita... Denetarik egingo dute txuri-urdinek.

Lehen partida hilaren 21ean lehiatu zuten V-Varen Nagasakiren aurka eta Martin hasierako hamaikakoan izan zen. Neurketa borrokatua izan zen eta azken minutuetan etxekoek eraman zuten garaipena, 1-0.

Atezainen kamiseta

Horrez gain, aurten atezainek jantziko duten elastiko berria aurkeztu zuten hilaren 17an. Luis Arconada debutaren 50. urteurrena ospatzeko atezain handiak erabiltzen zituen kamisetetan oinarritutako hiru ekipazio erabiliko dituzte Real Sociedadeko jokalariek: urdina marra fin horizontalekin, laranja-beltza eta berde-urdina.

Lehen taldeko zein harrobiko ate zaintzaileek erakutsi zituzten jantziak eta horien artean izan zen kadete mailan dabilen Oier Ipintza herritarra.

Ezkerrean, Oier Ipintza herritarra, Arconadaren ohorezko elastikoen aurkezpenean. Arg.: Real Sociedad SAD.

Nikaraguarekin jolasean

Bestalde, Texas Lasartearra harrobian egondako Eider Azier Gonzalezek abuztuaren 2tik 10era, Nikaraguako selekzioarekin izango da lehian. Egun Antiguokon jokatzen duen herritarrak CONCACFeko 15 urtez azpiko txapelketan parte hartuko du, Costa Rican. A multzoan lehiatuko da taldea eta Honduras, El Salvador, Mexico eta Panama izango ditu aurkari.