Jon Pello eta Iker Artetxe eta Xabier Errasti eta Beñat Pagoaga, Santa Ana pala txapelketako finalistak

Txintxarri Aldizkaria 2025ko uzt. 23a, 12:15

Urdin ala gorri. Santa Ana Pala txapelketako finalerdiak jokatu ziren hilaren 22an Loidibarren pilotalekuan eta bi bikote urdinek eskuratu zuten finalerako txartela. Eguzkiak ederki berotzen zuen eta jokalariak jokatzen hasi baino lehen izerdi patsetan zeuden

Lehen neurketan Xenki Astiazaran eta Josu Iparragirre gorriz eta Jon Pello eta Iker Artetxe anaiek urdinez aritu ziren nor baino nor.

Tanto luze eta politak ikusi ahal izan ziren. Hala ere, txapa behera edo frontisean gora, gorrien akats ugariek baldintzatu zuten partida hasieratik (01-06). 

Aurkariek hutsak eta euren erasoak ongi baliatu zituzten Artetxe anaiek markagailuan aurre hartzeko (03-15).

Urdinei aurre hobeto egin nahian, postuak ere aldatu zituzten Astiazaran eta Iparragirrek, baina horrek ere ez zuen Artetxetarren jarduna oztopatu. Hutsak egiten jarraitu zuten, gainera, gorriek eta ondorioz, 12-30 amaitu zen lehen finalerdia.

Bestelakoa izan zen bigarren norgehiagokako hasiera. Iñaki Castro eta Jon Begiristain (gorri) eta Xabier Errasti eta Beñat Pagoaga (urdina) izan ziren aurrez aurre eta ederki borrokatu ziren sakea lortu eta pilota aldatu ahal izateko. 

Markagailuan berdin joan ziren bi bikoak eta nahiz eta urdinek aldea irekitzen saiatu (8-10) gorriek ongi erantzun zuten jarraian pare geratzeko.

Hamarnako berdinketaren ostean pixkanaka jokoaren erritmoa aldatzen joan ziren Errasti eta Pagoaga. Castro eta Begiristainek ezin izan zioten eutsi aurkariaren joko aldaketari eta azken tantoetan erraz gailendu ziren urdinak; 17-30 irabazi zuten.

Ordu aldaketa

Era horretara, Santa Ana Pala txapelketako finalistak zehaztu dira: Jon Pello eta Iker Artetxe eta Xabier Errasti eta Beñat Pagoaga.

Bi bikoteek hilaren 26an, larunbatarekin jokatuko dute aurrez aurre aurtengo txapela janzteko. Borroka ederra aurreikusten da.

Aurretik hirugarren eta laugarren sailkatuak nor diren erabakiko ditu Astiazaran-Iparragirre eta Castro-Begiristain bikoteen arteko neurketak.

Aldaketa bat egongo da azken hitzordu honetan. Txapelketako saioetan lehen partida 18:30ean izan bada ere, Santa Ana egunean pala jaialdia ordubete lehenago hasiko da. Hau da, hirugarren postuko partida 17:30ean jokatuko da.

Finala amaitzean sari banaketa egingo da eta ostean, afari ederraz gozatuko dute txapelketako parte hartzaile guztiek.