Eguraldi ona egitea besterik ez zaie falta

Txintxarri Aldizkaria 2025ko uzt. 24a, 08:15

Udaleko eta Ttakun Kultur Elkarteko ordezkariak, Santa Ana karkaban.

Abuztuan atseden hartu eta irailean festa giroko ekimenei berrekin aurretik, udalerrian tradizio gehien duen ospakizunetako bat egingo dute hilaren 26an, Santa Ana egunez. Lasarte-Oriako Udala eta Ttakun Kultur Elkartea arduratu dira egitaraua prestatzeaz, kasu honetan Festak departamentuak eta eragileak duten hitzarmenaren barruan. 1996an hartu zuen Ttakunek egun berezi horretako parodia eta gainerako ekimenak (meza, hamaiketakoa, dantzaldia eta aktoreen desfilea nahiz ikuskizunaren osteko afaria, aurten Virgen de Guadalupe Extremadura Etxean egingo dutena) antolatzeko ardura eta ia hiru hamarkadaz erakutsi duenagatik bereganatu du erakundeko ordezkarien konfiantza, Festak saileko zinegotzi Txus Alonsok garbi adierazi duenez: "Beraien eskuetan utzi dugu Santa Ana eguna antolatzea".

Parodiari ekin aurretik, urtero bezala, omenaldi bat egingo dute antolakuntza taldekoek. Herriko txistulari taldearen lana aintzatetsiko dute aurten, oroigarri polit bat emanda eta Santa Ana eguneko zapi gorriak jantzita. Ondoren, bertso eder bat abestuko die Lierni Rekondo bertsolari lasarteoriatarrak.

Ohiko ekimenak eta "sorpresak"

Euririk ez egitea besterik ez zaie falta Santa Ana eguneko jardueren antolatzaileei. Hori ez dago beraien esku eta itxaron egin behar, baina gainerako guztia prest dutela jakinarazi dute. Programako jarduera gehienak urterokoak izanagatik, "sorpresak" iragarri dituzte hilaren 26rako, izan ere, aurtengo ikuskizuna berezia izango da, 75. parodia. Hori horrela izanik, Ttakun Kultur Elkarteko Kultura arduradun Arkaitz Illarramendik herritarrak gonbidatu ditu parte hartzera: "Prestatu duguna zer den jakin nahi dutenak bertara daitezela Okendo plazara eta baita parodiaz gain egingo ditugun gainerako ekimenetara ere".

Santa Ana eguna hasiko dute karkaban ikurrina jarrita, 11:00etan hasiko den meza baino lehen. Aipatu elizkizun hori, ohi bezala, Ama Brigitarren komentuan aurrera eramango dute. Amaitutakoan, eraikin horren ondoan dagoen plazatxoan hamaiketakoa egingo dute eta karkabara joango dira, Erketz EDTko dantzari eta musikari finak lanean ikustera: dantzaldia egingo dute kalexka horren parean, 12:00etatik aurrera. Bazkalostean, 17:30ean hasita, pala txapelketako azken partidak (3. eta 4. postuak erabakitzekoa eta finala) jokatuko dituzte Loidibarren pilotalekuan eta ordubete geroago parodiako aktoreak desfilatzen hasiko dira erdigunean barrena, Okendo plazara iritsi arte. Ikuskizuna 20:00etan hasiko da.