Arratsaldeko lehen sarian lehia polita izan zen Pole pole/J. Gelabert eta Shy Guy/V. Janaçek bikoen artean. Biekin batera Shine Sun/R.N. Valle izan zen lehian, baina kanpora egin eta aukerak galdu zituen. Azken metroetan lehen bien buruz burukoan Pole Pole izan ziren garaile.
David autobusak sarian, Piano Man/N.M. Lopes bikoa lasai lasterketa buru izan bazen ere, azken zuzengunera sartzerakoan atzetik zetozen Philau/V. Janaçek zein King Lear/R.N. Valle bikoak gogor ekin zion garaipena eskuratzeari. Arizkorretak entrenatzen duen Philauk burua gainditu, aldea ireki eta bakarka iritsi zen helmugara.
Jarraian, Janaçekek bigarren garaipena eskuratu zuen, Biarritz Hipodromoa saria. Oraingoan Araka La Kana gidatu zuen txekiarrak. Bikoa taldean zain joan zen eta azken zuzengunean pixkanaka pixkanaka metroak irabazi eta garaipena erdietsi zuen.
Emakumeok Mugimenduan sarian, udako bigarren garaipena eskuratu zuen Guerreirak N.M. Lopesen gidaritzapean. Lehia estua izan zen zaldi guztien artean helmugaraino eta erdialdetik alde txikiarengatik irabazi zuen poltugaldarrak.
Azken lasterketan, Bulnesi esker, Janaçekek hirugarren saria eta Arizkorretak bigarrena lortu zuten. Global Venture/V.M. Valenzuela bikoak jarri zuen lasterketaren erritmoa eta ongi eutsi zion atzean Bulnes/Janaçek bikoak, baita gainerako aurkariak ere. Azken zuzengunean erritmoa aldatzerakoan, ordea, aipatu bi bikoek aurrea hartu zuten eta garaipena borrokatu zuten; azken metroetan Bulnes gailendu zen.
Abuztuko ateetan gaude eta sari nagusiak lehiatzeko gero eta gutxiago geratzen da; Philau eta Bulnes izan dira hitzordu honetan euren indarra erakutsi dutenak; hurrengo hitzorduetan lehiakide gehiagoz gozatzeko aukera izango da.