Agustin Valdivia alkateak jakinarazi du bi aldeek “urteak” igaro dituztela lokal baten beharraz hizketan. Hala, kontatu du udalak argi izan duela bere jabetzako zenbait lokal herriko eragileen esku utziko zituela. Lehenengo, auzo elkarteetan pentsatu zutela argitu du, eta horiek eginda, hurrengo urratsa Aterpeari eskaintzea izan dela. Ostean, udalaren jabetzakoak diren gainerako lokalekin elkarteen arteko coworking-ak egitea da asmoa; hori izango da hurrengo fasea.
Fase horretan, garai bateko euskaltegia eta KIUB Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegora zegoen eraikina birgaitzeko asmoa agertu du udalak. Gauzak horrela, Aterpea merkatarien elkarteari garai batean KIUBaren lokala izan zena utziko diola azaldu du Valdiviak.
Lankidetza hitzarmenari esker erabiliko duten lokalaren trukean, merkatarien elkarteak zenbait konpromiso hartu ditu. Adibidez, bonuen kanpainak egingo dituztenean, udalak egitasmo hori dinamizatzeko kontratatuko duen langilea lokal horretan aritu ahal izatea. Orain arte Gizarte Zerbitzuetatik bideratu izan dute gaia eta azken bi urteetan arazoak (kolapsatu egin izan da saila) izan dituztela nabarmendu du, beraz, arazo horiek ekiditeko hartu dute lokal berritik kudeatzeko erabakia.
Horrez gain, urtean zehar komertzio eta ostalaritzaren gaineko zenbait formakuntza emango dituzte, eta Sozioekonomia saileko deialdietan parte hartuko duten ekintzaileei, prozesu hori amaitzean, herriko komertzioaren berri emango die aterpeak lokal horretan; jakinaraziko die herriko merkataritza nolakoa den, eta nola parte har dezaketen horretan, herria ahalik eta dinamikoena izan dadin.
Aterpearen izenean
Mabel Pedreirak hartu du hitza gero; Aterpea merkatarien elkarteko lehendakari gisa mintzatu da. Udalari, eta bereziki Agustin Valdivia alkateari eta Sozioekonomia arduradun Nuria Fernandezi eskerrak emanez hasi da hizketan. Honako adierazpenak egin ditu; “Hemendik aurrera erabili ahal izango dugun lokal hau ez da espazio fisiko soil bat, udalaren eta gure elkartearen arteko urte askotako lanaren, elkarrizketaren eta esfortzuaren emaitza baizik”. Gaineratu du, merkatarien elkartearentzat pauso “oso garrantzitsua” dela, hain zuzen ere, “koordinaziorako elkargunea” izango delako, baina batez ere herriaren bizitza ekonomikoa dinamizatzen jarraitzeko ezinbestekoa izango dela.
"Herriko komertzio biziaren alde" lanean jarraituko dutela esanaz amaitu du hitzartzea.