Hiru ordu izan ditu sariaz gozatzeko

Txintxarri Aldizkaria 2025ko uzt. 18a, 21:00

Eskuratu 1.000 euro kanpainaren irabazlea zein den aditzera eman dute Lasarte-Oriako Merkataritza, Ostalari eta Zerbitzuen Elkarteko kideek, ostiral arratsaldean. Sheila Benitez herritarra agertu da garaile. 

Hiru orduz 1.000 euro gastatzeko aukera. Establezimendu bakoitzeko, 100 euro xahutu ahal, gehienez. Baldintza horiek bete izan behar ditu Sheila Benitez Eskuratu 1.000 euro kanpainaren 2025eko irabazleak. Pozarren agertu da Benitez jasotako sariarekin. Denbora gutxi izan arren, etxekolanak eginda etorri da, nolabaiteko ibilaldia trazatuta, hain zuzen. Horretan bidelagun izan du Aterpeko kideek ipinitako kotxea. 

Sariak sari, elkarteko lehendakari Mabel Pedreirak abagunea aprobetxatu du herriko agintariei, taldeko bazkideei eta herritarrei eskerrak emateko. Era berean, gogorazi nahi izan du bertako merkataritzaren garrantzia, aitortuta bertako dendarik gabe, herria "hil" egiten dela.