"Pozarren" iragarri du Agustin Valdivia alkateak Atsobakarreko ur parkearen irekiera. Hasiera batean, lanek hamar hilabete irautea aurreikusten bazuten ere, dagoeneko obra amaitu eta gaurtik aurrera erabilgarri dagoela jakinarazi du; horrek ahalbidetuko du lasarteoriatarrek uda honetan erabili ahal izatea. Egunero irekiko dutela ere esan du, eta ordutegia ere zehaztu du: 11:30etik 20:00etara.
Zerbitzu Publikoetako zinegotzi David Mateosek hartu du hitza gero, eta ur parkea erabiltzera gonbidatu ditu herritarrak. Espazio horren inguruko belazean egindako zenbait lanen berri ere eman du, eta hitzartzea amaitu aurretik, parkearen erabilera arauez mintzatu da. Zaborrontziak erabiltzeko deia egin du, baita altzariak errespetatzearena ere. 6 urtetik berako haurrek ur parkea lagunduta erabili behar dutela ohartarazi du, eta gaineratu, bizikletak eta patineteak dagokien lekuak utzi behar direla. Animaliak ezin dira ur parke barrura sartu, ezta eguzkitik babesteko elementuak eta piknika egitekoak ere. Sua edo barbakoak egitea debekatuta dago, eta beirazko ontzien erabilera ere bai.
Ur parkearen inguruan egurrezko zenbait mahai jarri dituztela ere azaldu du alkateak.