Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 126 gazte parte hartzen ari dira aurtengo Euskarabentura zeharkaldian, eta horien guztien artean, bada herritar bat: Leire Iglesias.
Iaz bezala, Atharratzen (Zuberoa) hasi dute aurtengo espedizioa, eta hilabete osoan zehar Euskal Herriko hainbat eta hainbat leku ezagutu eta bisitatuko dituzte, hala nola, Maule, Pagola, Lartzabale, Donibane Garazi, Orreaga, Aurtitz, Iruñea, Gasteiz, Araia, Zerain, Tolosa, Lesaka, eta abar. Oinezko zeharkaldia egiten duten bitartean, lekuan lekuko euskal kulturaren berri ere izango dute.
Gazte parte hartzaileen arteko harremanak sortu, saretu eta elkarrekin euskara praktikatzeko helburuarekin antolatu dute zazpigarren edizioa, eta hala ari dira, egunez egun. Gazte horien guztien arduradun, elastiko urdinez jantzitako begiraleek ere osatzen dute taldea, eta denek elkarrekin aurtengo esperientzia.
Ia hilabete erdia dute oraindik aurretik; hilaren 31n emango diote amaiera aurtengoari, Getxon (Bizkaia).