Norabide "garbi" horren adierazgarri dira euren hauteskunde programetan jaso zituzten 192 neurriak. Dagoeneko 106 gauzatu dituztela jakinarazi du Alkortak, hau da, % 55 inguru. Beste 30 martxan dituzte, eta, gainerako 54 proposamenak, abian jartzeke: hitzartutakoaren % 28. Horiek guztiek koherentzia dutela nabarmendu du Euskara saileko buruak, "ideia metaketa baten ondorioak" direla, hiru oinarritan ardaztutakoak: Lasarte-Oria aukeren gune bilakatzea; giza bilakaera eta garapen jasangarrian eragitea; eta herria parte hartzailea eta bizia izatea. Udal gobernua eratu zuteneik ildo horietan guztietan lan egin dutela gehitu du, "herritarren benetako behar eta ongizatean pentsatuta".
Ardatzetan nabarmentzekoak
Hiru lan ildoak zehaztuta, horietako bakoitzean dagoeneko zer gauzatu duten azaldu dute Valdiviak eta Alkortak. Aurreneko ardatzean nabarmendu dituzte Gizarte Zerbitzuak eta unitate psikosoziala indartu izana, adineko pertsonekin egindako lana edota berdintasunarekiko duten "konpromiso irmoa". Gogoratu dute baita ere herriko hezkuntza zentroetan patio inklusibo batzuk egin eta zoladurak berritu dituztela edota tokiko komertzioak babestu eta ekintzaileak laguntzen jarraitzen dutela, Aterpea merkatarien elkartearekin eta Beterri-Buruntza Mankomunitatearekin lankidetzan.
Bigarren oinarrian, giza bilakaera eta garapen jasangarriarenean, Atsobakar kirol gunea eta obretan dagoen Michelingo kiroldegi berria aipatu dituzte. Bigarren azpiegitura horri dagokionez, jakinarazi dute lanak "erritmo onean" doazela eta instalazioaren bizkarrezurra "ia-ia bukatuta" dagoela. Bestalde, HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokor onartu berriak hurrengo hamabost urteetarako "jarraibide egonkorrak" emango dizkie, hala nola etxebizitza politikan egin beharreko urratsez. Erreferentzia egin diote baita ere herri mugikortasunari: "Manttangorri hiribusa % 100 elektrikoa da eta ibilbidea berritu egin dugu, auzoen arteko irisgarritasuna eta loturak hobetzeko".
Hirugarrenik, prozesu parte hartzaileen bidez alor ugaritan eragiten ari direla zehaztu dute: euskararen erabilera indartzea hizkuntza horren normalizaziorako politika eta ekimenak bultzatuta; kultura eskaintza zabaldu eta dibertsifikatzea kultur etxea eraberritu eta tokiko elkarteei lagunduta; kirol eredu inklusiboago baten aldeko apustua egitea, bereziki emakumeen kirola eta eragileak babestuta; jai herrikoien programazioa areagotzea eta berritzea; edota prozesu parte hartzaile ugari aurrera eramatea eta Herritarren Arretarako Zerbitzu berria ezartzea.
Neurrien betetze maila
Arestian esan bezala, legealdi honetarako 192 neurri gauzatu nahi dituzte udal gobernuko kideek eta orain arte egin duten bidea "gardentasun osoz" erakutsiko duen dokumentu bat prestatu dute, "laster" eskegiko dutena udalaren webgunean (www.lasarte-oria.eus). Txosten horretan proposamen bakoitza jarraitu ahalko dute lasarteoriatarrek. Hori iragartzearekin batera, orain arte burututako guztia posible egin dutenei eskerrak eman dizkiete: udaletxeko langile eta teknikariak, norbanakoak eta eragileak. "Uste dugu nabaritzen dela ez dugula gobernatzen gure buruak nabarmentzeko, herritarrak zerbitzatzeko baizik".
Hori esanda, onartu dute oraindik "asko" dutela egiteke eta perfektuak ez direnez, hanka sar dezaketela momenturen batean. Hori hala izango balitz ere, argi adierazi dute zein den beraien borondatea: lasarteoriatarren eguneroko bizitza hobetzea. Norabide horretan, 2027ko maiatzera arte betetzeke dituzten erronketan ari dira lanean: "Etengabeko jardunak definitzen gaitu: entzuteko, hobetzeko eta agindutakoa betetzeko borondatea dugu".
"Aurreneko eguneko konpromiso berberarekin" ari dira lanean eta garbi dute zein den legealdia amaitzen denerako helburua: programaren betetze maila % 100 izatea, hau da, agindutako 192 neurri zehatz horiek burutzea. 2027ko maiatza heldu eta baten bat gauzatu gabe geratuko balitz exekutatu ezin izan delako edota denbora eman ez dielako, "argi eta garbi" esplikatuko dituzte zergatiak.
Berretsi dute legealdia lau urtekoa dela: "Badirudi gobernura sartu eta guzti-guztia aurreneko sei hilabeteetan egin behar dugula; ez dira kasualitatez izaten agintaldiak luzeagoak". Azpimarratu dute "norabide onean" doazela: "Esaten dute aurreneko urtea izaten dela lurra hartzeko, bigarrena egitasmoak garatzeko, hirugarrena bide horretan jarraitzeko eta laugarrena den-dena ixteko".
Kiroldegia eta igogailuak
Sozialistei eta jeltzaleei gustatuko litzaieke hurrengo udal hauteskundeetarako amaituta egotea Michelingo kiroldegi berria. "Kakotxa artean, politikoki ezin dugu ezer gehiago egin lanak lizitatuta daudelako eta obrak martxa onean gauzatzen ari direlako, jarrai dezatela horrela", adierazi du alkateak. Halaber, gogorarazi du Goikaleko eta Zabaletako igogailuen proiektuak ere lizitatuta daudela jada eta xede dutela herritarren parte hartzean sakontzen jarraitzea. EAJko zinegotziak buru dituen hiru departamentuen kasuan (Euskara, Kirola eta Kultura), orain arte egindako guztiari segida emango diotela esan du Alkortak.