Santa Ana Pala txapelketako finalerdiak erabaki dira

Txintxarri Aldizkaria 2025ko uzt. 17a, 14:00

2024 urteko Santa Ana Pala txapelketako finaleko irudia.

Santa Ana Pala txapelketako lehen fasea amaitu da. Multzoko lehia jokatuko dute hamalau bikotek eta talde bakoitzeko lehen bi sailkatuek finalerdiak jokatuko dituzte hilaren 22an, asteartearekin, 18:30ean

Maiatzetik jokatu dira lehen faseko neurketak Loidibarren pilotalekuan eta itzuli bateko ligaxkaren ostean, A eta B multzoko sailkapenak zehaztu dira. Horren arabera, jokatuko dira lehiaketako final aurreak. Xenki Astiazaran eta Josu Iparragirrek Jon Pello eta Iker Artetxeren aurka jokatuko dute lehena; bigarrenean Xabier Errastik eta Beñat Pagoagak Iñaki Castro eta Jon Begiristain izango dituzte aurrez aurre.

Partidetako garaileak Santa Ana egunean, hilaren 26an lehiatuko den finalean neurtuko dituzte indarrak; galtzaileek, aldiz, hirugarren postua jokatuko dute.

Udan ere lehian

Esku pilotari dagokionez, herri ezberdinetako udako torneoak martxan daude eta Intza Kirol Elkarteko kideak lehian ari dira.

Nafarroako Gartzaron txapelketan Intzako hiru kidek parte hartuko dute: Peru Urdanpilleta, Jon Pello Artetxe eta Oier Jauregi. 

Hilaren 13an, Urdanpilleta-Artetxek Tuterako Kanpoi eta Albizuren aurka neurtu zituzten indarrak eta 22-5 irabazi zuten. 

Jauregik, aldiz, hilaren 26an jokatuko du Orioko Atorrasagastirekin batera.

Eta taldekide Irai Jauregik Adunako txapelketan parte hartuko du Gorostidirekin batera.

Horiez gain, ekainaren 22an, Getariako San Salbatore txapelketatik kanpo geratu zen Itxaso Iparragirre. Zazpi Iturriko Balerdirekin batera Legarreta (Umore Ona) eta Galardi (Oiarpe) izan zituzten aurrez aurre eta 22-7 galdu zuten.

Jon Pello Artetxek ere Hernaniko Papelera Zinkuñaga torneoan egin zuen proba Ilunpeko Egigurenekin. Hilaren lehenean, Nagusiak urrea mailako partidan, A. Olaizola (Abantzu) eta Legarreta (Hernani) bikoaren aurka jokatu eta borrokatu arren, 18-13 gailendu ziren aurkariak.