Eskualdeko eragile ugarik identifikatu dute lehen sektorearen laneratzea ugaritzeko beharra: Beterri-Buruntzako iazko enplegu diagnostikoan argi ikusi zuten "gabezia larria" dagoela belaunaldi erreleboari dagokionez, izan ere, elikagaiak ekoizten dituzten beharginen % 93k ez dute bermatuta jardunaren jarraipena. Testuinguru horretan eta Elkar-Ekin Lanean estrategiaren baitan martxan jarri dute Nekazaritza Eskola, Hernaniko Burujabetzen Etxean aurkeztu dutena. Bertan izan dira erakunde sustatzaile eta laguntzaileetako ordezkariak, besteak beste Gipuzkoako Foru Aldundiko Proiektu Estrategikoen zuzendari Koldo Peciña, Beterri-Buruntza Mankomunitateko lehendakari Patxi Ibarguren, Hernaniko Udaleko alkateorde Itsaso Lekuona eta HENASE elkarteko kide Uxue Encinas eta Iñaki Olaizola.
Eskola horren bidez, eskualdeko lehen sektorearen laneratzea sustatzeaz gain, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen lan munduratzea bultzatuko dute, parte hartzen dutenei lau hilabeteko formakuntza teoriko-praktikoa emanda. Bi talde ari dira aurten; aurrenekoak amaitzear du zikloa eta bigarrenak ekaineak ekin zion. Hiru hilabetez Hernaniko Burujabetzen Etxean eta Karabeleko baratzean ikasten dute HENASEko hezitzaileekin eta Hazi fundazioko kideekin, eta, laugarrenean, hilabeteko praktikaldia egiten dute HENASEren etxaldeetan.
Lankidetza instituzionala eta komunitarioa oinarri
Egitasmo hori gauzatzeko, Beterri-Buruntza Mankomunitateak hitzarmenak sinatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta HENASErekin, eta Hernaniko Udalak ere ekarpen ekonomikoa eta azpiegiturak jarri ditu eskuragarri. Guztira, 95.422 euroko aurrekontua du eskolak 2025erako.
Mankomunitateko lehendakariak Nekazaritza Eskola bultzatzen dutenen arteko sinergiak goraipatu ditu: “Nekazaritza Eskola sustatzea erronka handia da guretzat, izan ere, enplegu sozialeko ekosistema osoa indartu nahi dugu eta hori erakunde bakar batek ezin du egin".