Musikaren eta mugimenduaren bidez elkartasuna eta bizipoza zabaltzeko

Txintxarri Aldizkaria 2025ko uzt. 16a, 10:43

Argazkia: Bizipoza elkartea

Usurbilen aurkeztu ditu Bizipoza elkarteak 'Mundu berri bat guztiontzat 2' diskoko abestien koreografia bideo berriak. Orotara hamar abestirenak sortu dituzte

Mundu berri bat guztiontzat 2 diskoko hamar koreografia berri aurkeztu berri ditu Bizipoza elkarteak. Usurbilgo Potxoenea kultur etxean aurrera eraman du aurkezpen ekitaldia, eta agerraldi hori baliatu du egitasmoaren gaineko xehetasunak ezagutarazteko. 

Koreografia guztiak Izaskun Forkada dantzari eta koreografoak sortu ditu, eta TaPuntu kooperatiba arduratu da bideoen grabaketa eta edizioa egiteaz. Horiek zein helburu duten ere azaldu du Bizipozak: "Bizipoza diskoko abestiak haur, familia eta elkarteentzako eskuragarriago eta parte hartzaileago bihurtzea, musikaren bidez elkartasuna eta bizipoza zabaltzen jarraitzeko". 

Aipatu elkarteak gaineratu du bideoak Youtuben, www.bizipoza.eus eta www.bizipozaeskola.eus web atarietan ikusi ahal izango dituela interesdunak., hau da, edonorentzat egongo direla ikusgai. Gauzak horrela, nahi duen edonork etxean, eskoletan, elkarteetan edo ekitaldietan dantza eta abestiak ikasi eta partekatu ahal izango ditu". 

Hamar abestiren koreografiak

Orotara, ondoko hamar abestien koreografiak sortu dituzte: SuperH elkartearen Parke bat; Beroa elkartearen Txokotxoa; Bortzirietako Guztiok taldearen Guztiontzat; ADEMGIren Beste pauso bat; Gure Nahia eta Gure Señeak elkarteen Izan gure lagun; Chernobilen lagunak elkartearen Misha Txikia; Euskal Herriko Down Sindromea Fundazioaren Hogeitabira; SanFilipo Euskadiren Gaur gu gara eguna; Etiopia Utopiaren Mundu bat non; eta, azkenik, GKEF eta Mindara elkarteen Nahi ibili gurekin?

Prentsaurrekoan izan dira Bizipoza elkarteko ordezkariak eta baita hori osatzen duten elkarteetakoak ere. Horiekin batera, koreografien egile Izaskun Forkada ere bertan izan da, eta baita Usurbilgo Orbeldi dantza taldeko ordezkariak ere. Horiek guztiek argi adierazi dute proiektuaren helburua dela "musikaren eta mugimenduaren bidez elkartasuna eta bizipoza zabaltzea".  Hala, azpimarratu dute koreografiak "herritarrak dantzan jarriz, elkarlana eta komunitatea sendotzeko baliabide bikainak" izango direla. Era berean, nabarmendu dute bideoan ikusten dena eredua baino ez dela, beraz, inork horietan agertzen den mugimenduren bat egin ezin badu, bere erara egiteko gonbita ere luzatu dute. 

Agerraldia amaitzeko, eskerrak eman dizkiete proiektua sortzeko bidean ondoan izan dituzten Bizipoza elkarteari, Izaskun Forkadari, TaPuntu kooperatibari, Orbeldi dantza taldeari, Kutxa Fundazioari, Laboral Kutxari eta Usurbilgo Udalari.