Donostiako Fabrika bandera ez zen etxeko eskifaien aldeko izan; Tolosaldearen eta Orio Orialkiren arteko lehia estua izan zen bigarren itzulian eta tolosarrek eskuratu zuten saria.
Lehen txandan, Nortindal Donostiarrak azken postuan amaitu zuen lehia 12.26,83 markarekin eta bigarrenean, Donostia Arraun Lagunak-ek hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen.
Lugañene ziabogara Tolosaldea eta Orio Orialkirekin batera iritsi zen. Itsasoa zakar zegoen eta ontzi guztiek arazoak izan zituzten biratzerakoan; Aiora Belartieta herritarrak lan zaila izan zuen. Baina biraketa gainditu eta bigarren luzean Arraunek ezin izan zituen olatuak ongi baliatu eta atzean geratu zen hirugarren postuan amaituz.
Era horretara, Orio Orialki puntu batera geratu zen sailkapen orokorrean.
Hirugarren bandera
Laugarren jardunaldian herriko ordezkariak dituzten eskifaiek Donostiako zapore gazi-gozoa kendu ahal izan zuten. Lugañenek Petronor bandera jaso zuen eta Nortindal Donostiarrak bosgarren postua eskuratu zuen.
Lehen txandan lehiatu zen Bantxa. Ziabogan (05.43) azken izan zen arren, bigarren luzean ederki jardun eta Hibaika Jamones Ancin eta Zumaia Deltecorekin borrokatu zen bigarren postua eskuratzeko, baita eskuratu ere. 11.03,92an utzi zuen kronoa.
Donostia Arraun Lagunak-ek ligako beste banderarik eta punturik galtzeko prest ez dagoela erakutsi zuen bigarren saioan. Hasieratik buru jarri eta ziabogan bi segundoko aldea atera zion Orio Orialkiri. Bigarren luzean errenta mantentzea lortu zuen Lugañenek eta azken metroetan, gainera, tartea handitzea lortu zuen, 5,72 segundora iritsi ziren mirotzak.
Asteburu honetan beste bi jardunaldi jokatuko dituzte Pasai Donibanen zein Orion. Lehia handiak ikustea espero da, batez ere, igandean; mirotzek etxean bandera eskuratu nahiko dute.