Herriko atletak bikain jardun dira Espainiako txapelketetan

Txintxarri Aldizkaria 2025ko uzt. 15a, 15:00

Eider Redondo eta Hodei Murgiondo, Gijonen. Arg.: C. Juarez/Atletico San Sebastian.

Herriko atletek bi proba garrantzitsu jokatu zituzten hilaren 12 eta 13an. Ostadar SKTko Eider Redondo eta Atletico San Sebastian taldeko Hodei Murgiondo 16 urtez azpiko Espainiako txapelketan izan ziren lehian eta talde urdin-beltzeko Naroa Furundarena Euskadiko selekzioarekin parte hartu zuen maila absolutuko Erkidegoen arteko Espainiako txapelketan

Asturiasera, zehazki, Gijonera egin zuten bidaia Redondo eta Murgiondo atleta gazteek. Redondok hexatloi proba lehiatu zuen; Murgiondok, aldiz, pertika jauzia. Biek denboraldi ederrari eman diote amaiera txapelketan.

Redondok sei probari egin zien aurre: 100 m. hesi, altuera jauzia, pisu jaurtiketa, luzera jauzia, xabalina jaurtiketa. Ongi jardun zen atleta gaztea eta altuera jauzi (1,58 m.) eta xabalina jaurtiketako (31,15 m.) markak ondu zituen; lehenean, gainera, bigarren izan zen. Eta 600 m. lasterketa hasi baino lehen hirugarren postuan zegoen arren, ez zuen proban asmatu eta azkenean bosgarren amaitu zuen lehia. Horrez gain, proba konbinatuko bere marka ere 158 puntutan handitu zuen atleta gazteak, 3782 puntu.

Murgiondok ezin izan zuen finalerako sailkatu, bere jauzirik onena 3,53 metrokoa izan zen.

Ostadar SKTko Eider Redondo hesi lasterketa proban. Arg.: G. Redondo.

Euskadi, zazpigarren

Bestalde, Naroa Furundarenak Euskadiko selekzioak zazpigarren postua eskuratzeko bere harritxoa jarri zuen Erkidegoen arteko Espainiako txapelketan. Ciudad Realen (Gaztela-Mantxa) jokatu zen lehiaketan jauzi hirukoitzeko proba lehiatu zuen herritarrak eta hirugarren amaitu zuen lehia 12,65 jauziarekin.

Furundarenak abuztuko lehen asteburuan absolutuko Espainiako txapelketa lehiatuko du Tarragoan (Katalunia) eta berarekin batera egon daiteke taldekide Maider Rekondo; disko jaurtiketako gutxienekotik gertu izan da eta marka eskuratzeko azken aukera izango du hurrengo egunetan.

Bien bitartean, hilaren 26an eta 27an, Badajozko Villafranca de los Barros (Extremadura) herrian 20 urtez azpiko Espainiako txapelketa izango da eta Ostadar SKTko Iraia Alkortak 100 m. lasterketarako sailkapena eskuratu du.