Kasik lau hamarkadaz martxan izan den arren, lehenengo ate irekien jardunaldia egin dute Lasarte-Oriako Gurutzeko Gorriko kideek, larunbat honetan, beraien egoitzan. Egiten duten lana azaltzeaz gain, diru emaileen, hots, erakundeen, bazkideen ala partikularren ekarpen ekonomikoari esker eskuratutako baliabideak erakutsi dituzte, goizetik arratsaldera arteko ekitaldian. Era berean, edonoren zalantzak eta galderak argitzeko tartea ere egin dute. Alabaina, eguneko unerik garrantzitsuena urte luzez boluntario izandako Patricia Puenteri egindako hilondoko omenaldia izan da. Puente boluntarioa izan zen Donostiako Gurutze Gorrian, eta beste hainbat kiderekin batera, 1987. eta 1988. urteetan, Lasarte-Oriako basea osatu zuen sortzaileetako bat.
Amaya Goyaran tokiko presidenteak eraman du aurrera omenaldia. Patricia Puenteren inguruko zenbait anekdota kontatu ditu, bere umore "berezia" eta "gertutasuna" gogoratuta. Lanerako "prestutasuna" eta "seriotasuna" ere goraipatu. Hunkigarria izan da Goyaranek leitutako testua, bere hitzei emozioa darraio izan direlarik, ezin izan ditu malkoak eutsi, eta bertan zeudenek, txalo zaparradaz bete diuzte negar egiteko isiluneak. Kondekoraziorako medaila bere alargun Felix Curieli eta alaba Amaiari eman dio, seme Anderrek aulkian jarraitu nahi izan du. Jarraian, Curielek eskerrak emateko eta bere emaztea gogoratzeko zenbait hitz esan ditu, biziki hunkiturik. Aipatzekoa ere bada Patricia Puenteren izena jarri diotela omenaldia eginiko ikasgela horri.
Giza kapitala, faltan
Omenaldiak omenaldi, Lasarte-Oriako agintariak zein alderdi politikoetako ordezkariak hitzartuta, Gipuzkoako bestelako asanbleatako kideak ere gerturatu dira. Herriko Gurutze Gorriaren bi ibilgailu berrienak erakutsi diete; anbulantzia medikalizatua eta lekualdaketak eta halakoek egiteko kotxea. Bakoitzaren bitxikeriak azalduta, Gipuzkoako idazkari nagusi Juan Mari Urunzunok 80ko hamarkada eta gaur egungo garaiak alderatu ditu. Iraganean, baliabide gutxi, baina "gogo handiz" aritzen omen ziren. Egun, fakultate gehiago dituzte, eta tenore berarekin jarduten dute. Dena den, boluntarioak falta direla aitortu du Urunzunok. Boluntario lanari konpromiso familiarrak, kontu pertsonalak edo lana gehituta, "toperaino" ibiltzen dira, denetara ailegatzeko asmoz. Hortaz, herritarrei Gurutze Gorriarekin bat egitera animatu ditu.