Ekainaren 12ko udalbatzarraren akta onartu eta ekainare 6tik uztailaren 9ra arte emandako alkatetza dekretuen berri izan dute zinegotziek. Hurrengo gaian hasi dira iritzi trukeak eta eztabaidak, baina halere aho batez onartu dute Babes Ofizialeko Etxebizitzak errentamendu erregimenean esleitzeko prozedura arautzen duen ordenantza. Segidan, terrazetako mahai eta aulkien ordenantza fiskala aldatzea onetsi dute, zortzi aldeko boto eta zazpi abstentziorekin. Aurrera atera dute baita ere udaleko lanpostuen zerrenda eta plantilla organikoa aldatzea.
Naizen elkarteko kideek prestatutako mozioa landu dute ondoren. Irakurri aurretik, hitzartze berezia egin dute eragile horretako kide Marijo eta Alvarok. Transexualitatearen aurka (eta bereziki, haurrenen nahiz nerabeenen kontra) entzun eta irakurtzen ari diren mezu gero eta ugariagoen aurrean, dibertsitatea "zaindu beharreko eskubidea" dela defendatu eta "koloretako mundua" nahi dutela aldarrikatu dute. Ondoren, "agertoki kezkagarri horren aurrean", eskaera hauek egin dizkiote udalari: babes eta baliabide instituzionalik ez ematea haur eta nerabeen transexualitatearen aurkako mezu eta diskurtsoak zabaltzen dituzten eragile eta ekitaldiei; ebaluatzea mezu horiek gorrotoaren diskurtso diren edota urratzen dituzten haurren babeserako nahiz berdintasunerako eskubideak; konpromiso publikoa indartzea errespetuan, ebidentzia zientifikoan eta giza eskubideetan oinarritutako politiketan, aniztasun sexual eta generokoari dagozkionetan; eta sor ditzatela espazio seguru gehiago haur transentzat eta euren familientzat, "polarizatu" besterik egiten ez duten bestelako diskurtsoen aurrean. Aho batez onatu dute.
Galdera eta erreguen txandari ekin aurretik Buruntzan egin asmo duten parke eolikoari buruzko mozio bat eraman du Elkarrekin Lasarte-Oria Podemosek, baina ez du aurrera egin eta EAJk landutako proposamen alternatibo bat landu dute segidan. Desberdintasunak desberdintasun, oraindik "oso hastapeneko fasean" dagoen egitasmo horrek Lasarte-Oriari nola eragingo liokeen aztertzeari buruz hitz egin dute, honako eskaera hauek egin eta onartuta (aldeko bederatzi boto eta sei abstentziorekin): ekimenaren prozedurak Euskadiko Trantsizio Energetikoaren eta Aldaketa Klimatikoaren legeak dionaren arabera egitea; sustatzaile pribatu batek Buruntzako mendian parke eolikoa martxan jartzeko eskaera behar bezala ebatzi dezala eskuduntza duen erakundeak; gainbegira ditzatela xehetasunak (ebakuazio aukera, sareko konexioa, txosten sektorialen betetzea...); Lasarte-Oriako ingurumen eta ondare interesak babesteko beharrezkoak diren alegazioak dagokion unean aurkeztea, hala egin beharko balu udalak; eta prozesua luzea izango dela aurreikusita, desinformazio kanpainak ekiditeko asmoz informazioa ematea udalak.
Galdera eta erreguen txandan EH Bilduko zinegotziek hartu dute hitza honako kontu hauek mahai gainean jartzeko: ea zergatik erregistro bidez sartutako galderen erantzunak ez dituzten jasotzen; udalaren udaleku irekien aurtengo informazioa zergatik ez dagoen kontratatzailearen profilean, elkarte esleipenduna jada lanean hasi den arren; ea noiztik dagoen diruztatuta prebentzio komunitarioko nahiz esku hartze soziohezitzaile eta psikosozialeko langileen jardunaldiaren igoera; eta herriko osasun zentroaren egoera.
Udalaren Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko beharginak izan ziren hitza hartzen azkenak, galdera eta erreguen txandaren ostean. Udal gobernuko kideei galdetu zieten ea noiz aterako duten dagoeneko publiko izan beharko lukeen lizitazioak. "Ahal dugun bezain pronto", erantzun zien alkateak.