Galizian izan dira Alboka Abesbatzako kideak

Txintxarri Aldizkaria 2025eko uztailaren 10a

Galizian barrena ibili dira Alboka Abesbatzako dozenaka kide egunotan. Tarte horretan bi kontzertu eman zituzten, Vigoko Maria Auxiliadora elizan bat eta A Coruñako Iglesia de las Esclavas eraikinean bestea.

Hona hemen eskainitako errepertorioa: Stay a thousand years (Ramin Djawadi), M.M. Azpiazuren Brodatzen - Godalet, Aita Donostiaren Virgo dei genitrix, Javier Bustoren Euskal jokoak eta Josu Elberdinen bi obra, Izar ederrak eta Erromes kantua. Autonomia erkidego horretako obrak ere interpretatu zituzten: Julio Dominguezen Cada noite (Maximino Zumalaveren doinuarekin eta Rosalia de Castroren testuarekin) eta Josu Elberdinen Foliada de Santiago. Eta amaitzeko, Todo cambia (Julio Numhauser, Diego Petrelli-ren moldaketarekin).

Kontzertuez gain, turismoa egin zuten Albokakoek, Galizian bertan eta Leonen. Santiago de Compostelako eta Leongo katedralak bisitatzera joan zirenean, gainera, abestu egin zuten, gainerako bisitarien gozamenerako.