Beltzak RTko nesken eta kuir taldeko kideak, lehian eta lanean

Txintxarri Aldizkaria 2025ko uzt. 9a, 13:30

Ezkerrean emakume eta kuir taldea, San Fermin txapelketan. Eskuinean, Lazkano All Black-ekin. Arg.: Beltzak RT.

Errugbi denboraldia amaitu den arren, Beltzak RTko jokalariek ez dute etenik. Emakume eta kuir taldea San Fermin errugbi zazpiko txapelketan lehiatu da, Beriain (Nafarroan) eta Aitana Lazkano jokalaria All Black teknifikazio jardunaldietan izan da Madrilen

Emakume eta kuir taldea San Fermin jaietako aurrekari modura antolatu zen errugbi zazpiko txapelketan lehiatu zen Beriain, Nafarroan, hilaren 5ean. Lehen aldia zen taldeak horrelako lehiaketa batean parte hartzen zuena eta ederki gozatu zuten lehian eta elkarbizitzan.

Jokalariek gainera jardueraz baliatu ziren talde teknikoari egindako lana eskertzeko. Beltzak-eko anagrama eta jokalari guztien sinadura zuten baloiak banatzeaz gain, azpian irakurri daitekeen bertsoa eskaini zieten prestatzaileei:

Lehenengo bilerara joan
Eta ze harrera bertan
Ez genekien rugbyaz
Baina ez zegoen zertan
Zubietako frontoian 
Lau friki astelehenetan
Astiko lokatz putzutan
Jendetza_asteazkenetan
Hortzak erakutsiz hortzak 
Apurtu ditugunetan
Taldea indartu dugu
Hirugarren denboretan
Errugbya bizipoza
Izan da urte honetan
Gu entrenatzeagatik
Eskerrik asko benetan

Era berean, Beltzak RTko zuzendaritzako kideek lerro hauen bitartez eskerrak eman nahi dizkiete taldeko jokalariei denboraldian zehar egindako ahaleginarengatik eta izandako konpromisoarengatik.

All Black-ekin lanean

Horrez gain, Aitana Lazkano jokalaria All Black teknifikazio saioetan izan da lanean, ekainaren 30etik hilaren 4ra. 

Parte hartu duten jokalariek teknika berriak ikasi eta zituztenak ondu dituzte. Besteak beste, Zeelanda Berriko taldeko Anthony Tuitavake eta Mark ‘Zezena’ Allen izan dira prestatzaileak eta Espainiako Federazioko talde teknikoa ere izan da laguntzen.

Horrez gain, Lazkanok beste taldeetako kideak ezagutu eta harremanak sendotzeko aukera polita izan dela nabarmendu dute Beltzak RTko kideek.