Eragileen arteko elkarlana izan da nagusi 2024-2025 ikasturtean

Txintxarri Aldizkaria 2025ko uzt. 9a, 15:00

2024-2025 ikasturtean zenbait eragileen arteko elkarlana nagusi izan dela nabarmendu du Bizipoza taldeak. Horrela, Lasarte-Oriako sareak indartu dituzte, "elkarren arteko ezagutza handituz eta elkarrekin kulturartekotasuna gaiaren lanketa bideratuz". Sorreratik gaurdaino egindako bidearen gaineko errepasoa ere egin du

Herriko ikastetxe guztiekin, Ttakun Kultur Elkartearekin eta Kumme ekimenarekin elkarlanean aritu da ikasturte honetan Bizipoza taldea, eta horrek emandakoaren gaineko balorazioa ezagutarazi du. Adierazi du, gainera, elkarlan horren ondorioz, lehen ekimen bat burutu zuten abenduak 9an: mahaingurua. Bertan parte hartu zuten herriko ikastetxeek, Kukuka Dantza eta Antzerki eskolak, Ostadar S.K.Tk, Kumme Elkarteak eta Bizipoza elkarteak. Hala, bertatik ateratako ondorengo hausnarketak partekatu ditu Bizipozak:

  • Ikastetxeek bizi duten errealitatearen berri partekatu zuten ikastetxeek.
  • Udalari eta instituzioei zuzenduta, harrera plana, informazio eta harreta gunea, eta migratzaile teknikariaren beharra azpimarratu zituzten. 
  • Doluaren lanketaren garrantzia aipatu zen. (migratzean sortzen den doluarena).
  • Herriko eragileei lagundu egin behar zaiela azpimarratu zen, bitartekoak eta espazio fisikoak eskainiz.
  • Herriko agente guztien harremanak eta ikuspegi komunitarioa indartu behar dira.
  • Euskara erdigunean jarri beharko litzateke eta gai guzti hauek euskaratik landu, elkarrekiko ulermena bermatuz . Euskararen mundura hurbilketa erraztu behar da.
  • Harreman sareak osatzeko boluntarioak garrantzitsuak eta beharrezkoak dira.
  • Kontzeptuak definitzearen garrantzia azpimarratu zen: zer da kultura? Zer da kulturartekotasuna?
  • Horizontaltasunetik lan egitearen beharra azpimarratu zen, adibidez “gu-haiek” kontzeptua zuzenduaz.

Ikasturtean zehar, Ttakun KE, Kumme, herriko ikastetxeen eta Bizipoza elkartearen elkarlanarekin jarraituz, lanketak adin desberdinetako herritarrekin garatu dira eta maiatzak 23an ekimen bateratua eraman zuten aurrera herrian: Lasarte-Oria Milakultura eguna.

Hastapenak, aurrekariak

Bizipoza Lasarte-Oria taldeari 2020ean eman zioten hasiera. Ordezkariek azaldu dute herriko hainbat elkarte batu zirela, helburu jakin batekin: "Ekimen bat antolatuko genuen Lesboseko errefuxiatu kanpamenduetan gertatzen zen egoera ikusarazi eta salatzeko, Miren Bardaji lasarteoriatarra bertan aurrera eramaten ari zen lana gizarteratu eta lanean zebilen proiektuarentzat diru laguntza lortzeko". Honekin batera, Bizipoza eta Bizipozako elkarteen aurkezpenak ere burutu zituzten, elkarte horietako parte diren lasarteoriarrekin batera.
Hiru ekimen aurrera eraman zituzten:

  1. Lesbos-eko egoera gizarteratzeko argazki erakusketa bat egin zen.
  2.  Lesboserako dirua lortzeko askotariko ekimenak aurrera eraman ziren herrian: Sastraka ilustratzaileak ekimenarekin bat eginik sortutako postalen salmenta, poltsen salmenta, eta abar.
  3. Kultur etxeko auditorioan ekitaldi nagusia egin zen.

Hiru urte geroago, ikastetxeekin batera

2023-2024 urtean ekin zioten herriko ikastetxe guztien eta Bizipozaren arteko elkarlanari, Bizipoza gaia landuz.
Elkarlanak horrek hiru oinarri izan zituen:

  1. Porrotx pailazoak herriko ikastetxeetan Bizipozaren aurkezpenak egin zituen haurrentzat: guztira  sei saio.
  2. Bizipoza Eskolako Nerea Godoy Fuentes arduradunak, Bizipoza Eskola aurkeztu zien ikastetxeetako irakasleei.
  3. Herriko Bizipoza taldeak eta ikastetxeek apirilak 26ean ekimen bateratua antolatu zuen herrian.

Ikasturte bukaerako balorazioan, 2024-2025 ikasturtean kulturartekotasunaren gaia lantzea adostu zuten. 

Udalarekin elkarlan eta gorabeherak

2024 urteko urrian udaleko alderdi politiko guztietako zinegotziei bilera egiteko proposamena luzatu zien Bizipozak eta ondorengoak partekatu zituzten horiekin: 

  1. Ikastetxeen proposamenari jarraituz, Hezkuntza batzordean parte hartzea edo beste foro bat osatzea proposatu zuten. Gutxienez bertan udalak, ikastetxeek, Ttakun-ek, Bizipozak parte hartuko lukete.
  2. Abenduaren 9an ospatzekoa zen mahainguruaren berri eman eta bertaratzeko gonbidapena luzatu zieten.
  3.  Kumme elkartearen lana aintzat hartzea, laguntzea eta koordinazioa bideratzea garrantzitsua dela Lasarte-Oriako Bizipoza taldearentzat jakinarazi zieten. Bilera horretan ere, ikasturtean zehar kulturartekotasuna gaia lantzera zihoazela aipatu zieten, elkarlanerako gonbitea luzatuz.

Abenduan, udalarekin korreo bidez harremanetan jarri ziren. Berriro ere, urrian bezala, elkarlanerako proposamena luzatu zieten, urtarrilean biltzeko data posibleak ere mahaigainean jarriz, baina, elkarteak balorazio honen bitartez jakinarazi du oraindik orain ez dela posible izan berriro ere udal gobernuarekin biltzea.

Era berean, maiatzak 23ko jairako askotariko eskakizunak bideratu zituen udalera; ondorengo erantzunak jasotzen zituzten:

  1. Okendo plazaren , mahai eta aulkien erabilera. Onartua izan zen eskaera.
  2.  Ekimena bideratzeko behar zen soinu ekipoa eskatu zuten. Hau ez zitzaien onartu, beraz, taldeak alokatu behar izan du ekipoa eta teknikaria eta honek suposatu duen gastua Bizipoza elkarteak ordaindu behar izan du.
  3. Ekimena bideratzeko dirulaguntza eskaera. Ez da onartua izan.

Etorkizunari begira

Aurrera begira, hasierako planteamenduko proposamenak berresten ditu Bizipozak, eta udalari berriro ere elkarlanerako eskua luzatzen dio. Ondorengoak dira proposamen zehatzak:

  1. Hezkuntza batzordean parte hartzea edo beste foro bat osatzea proposatzen du, besteak beste kulturartekotasunaren gaia landu ahal izateko. Gutxienez bertan udalak, ikastetxeek, Ttakun-ek, Kummek, Bizipozak parte hartuko lukete eta gai hauetan ekarpena egiteko interesa luketen eragileek.
    Herri osasuntsu bat bizikidetza helburu duena eraikitzeko, guztiok ezinbestekoak dira euren ustez. Erantzunkizun guztia ikastetxeen gain utzi ezin daitekeela iritzi dute.
  2. Ikasturte honetan Lasarte-Oria Milakultura ekimena abiatu dute. Datorren ikasturtean beharrezkoa ikusten dute herri mailan horri jarraipena ematea. Udaleko ordezkari politiko guztiei, irailean biltzeko proposamena luzatu diete egoeraren diagnosia egiteko, eta bertan oinarrituta aurrera begirako pausoak zehazteko eta horiek bideratzeko beharrezkoak diren bitartekoak definitzeko.

Anitza eta borondatezkoa den herri ekimena direla nabarmentzeaz gain, udalarekin izan beharreko harremanak "gardenak, naturalak, bidezkoak, elkarlanean oinarrituak eta eraikitzaileak" izatea nahi duela ere azaldu du.