Azken asteetan gertatu diren eraso LGTBIAQ+ fobo eta arrazistak salatu ditu Buruntzaldeko Transmaribibollo kolektiboak

Txintxarri Aldizkaria 2025ko uzt. 9a, 09:36

Irudia: Buruntzaldeko Transmaribibolloak

Azken asteotan eskualdean gertatzen ari diren eraso LGTBIAQ+ fobo eta arrazisten harira, Buruntzaldeko trasmaribibolloek adierazpen bat helarazi dute TXINTXARRI-ra. Autodefentsa transmaribibollo eta antirrazistaren aldeko aldarria egin dute

Buruntzaldeko Trasmaribibollo kolektiboak jakinarazi du Andoaingo etxebizitza bateko paretan Fuck LGTB zioen "gorroto
pintada" agertu dela. Ekintza hori kolektiboaren aurkako eraso gisa ulertzen du, eta erantzun kolektiboaren beharra ikusi du. 

Diskurtso LGTBIQA+ foboez horiez gain,  Lasarte-Orian agertutako pintaketa arrazistei ere egin dio erreferentzia: "Hilaren 4an, herrian mezu sionista, islamofobo, kolonialista eta arrazistaz beteriko esaldiekin zikindu zuten Palestinar herriari elkartasuna adierazteko murala. Gainera, LGTBIAQ+ borrokaren izenean, diskurtso arrazistak zabaldu dituzte muralean". Gauzak horrela, adierazi du eraso hori ere guztiz gaitzesten duela: "Arrazakeriak ez du tokirik gurean".

Ez dituzte aipatu gabe utzi nahi izan Hernanin zein Andoainen festetan gertatutako eraso eta diskurtso arrazistak ere. Nabarmendu dute ez direla kasu isolatuak: "Diskurtso eta eraso LGTBIAQ+ fobo eta arrazistak ematen ari dira gure herrietan eta ezin ditugu onartu".

Hori guztia, noski, "eskualdetik harago" gertatzen ari dela ohartarazi du aipatu kolektiboak, eta esan, faxismoa eta eskuin muturraren gorakadarekin batera, gorputz eta bizitza zehatz batzuen aurkako gorroto diskurtsoak gailentzen ari direla. Honako adierazpenok gaineratu dituzte: "Buruntzaldeko transmaribibollook argi utzi nahi dugu ekintza horiek guztiak eraso gisa ulertzen ditugula eta, ez Buruntzaldean ez inon, ez ditugula inolaz onartuko, ezta pasatzen utziko ere". 

Azkenik, azpimarratu dute antolatuta daudela eta erasoei erantzun kolektiboz erantzungo dietela, eta autodefentsa transmaribibollo eta antiarrazistaren aldeko aldarria egin dute.