Aitor Manso, 8. mailako garaile Alisas igoeran

Txintxarri Aldizkaria 2025ko uzt. 8a, 14:15

Aitor Manso herritarra, Alisas igoerako podiumeko gorenean. Arg.: A. Manso.

Aitor Manso gidariak Kantabriako Riotuerto herrian antolatzen den Alisas igoeran lehiatu da. Maila handigoko ibilgailuekin borrokan izan da herritarra eta sailkapen orokorreko bosgarren izan da; 8. mailan, aldiz, garaikurra eskuratu du

Herritarrak jakinarazi duenez, entrenamendu zein lasterketa saioetan indartsu atera zen eta azken saiakerako markari esker 03.48,190 bere mailako garaipena eta sailkapen orokorreko bosgarren postua eskuratu zuen.

Ezbehar bat  medio, lehiaketa luzatu zela adierazi digu: "Istripu bat izan zen bigarren igoera hasi eta gutxira eta proba etenda egon zen denbora luzean. Gidaria ospitalera eraman behar izan zuten, baina ez zaio ezer larririk gertatu. Ostean, lehiatu ahal izan genuen".

Gertaera alde batera utzita, Lasarte-Oriako gidaria pozarren da lasterketarekin eta emaitzarekin: "Igoera oso ondo joan zen. Goiko mailako, 9. mailako ibilgailueekin borrokatu ginen eta batzuk irabazi genituen. Gainera, ibilgailuaren erritmoarekin ere pozik gaude. Pixkanaka pixkanaka joan ginen eta azken igoeran denbora ederra egin genuen. Laugarrenetik zazpi ehunekotara geratu ginen; formula bateko ibilgailua zen".

Orain iraila bukaera arte atseden izango du herritarrak. Orduan Euskadiko txapelketako azken txanpari egingo dio aurre: Dima, Jaizkibel, Urraki eta Urbasako probei aurre egin beharko diete gidariek eta horietan erabakiko da aurtengo lehiaketako sailkapena.