Aurten ere hiru herritar izango ditugu lehian ligan. Oraingoan Donostiako traineruetan; Aiora Belartieta eta Nahia Goenaga herritarrek Donostia Arraun Lagunak-ekin liga berria eskuratzeko borrokatuko dira eta Enara Arruti Nortindal Donostiarrako eskifaian izango da.
Bilboko bandera erlojupeko probak eman zion hasiera lehiaketari. Bai Donostia Arraun Lagunak baita Nortindal Donostiarra ere bigarren txandan atera ziren. Bantxak ireki zuen saioa eta ezin izan zituen lehen txandako denborak hobetu. 11.15,96 markarekin zortzigarren sailkatu zen.
Lugañene, aldiz, azkena izan zen uretara ateratzen. Denbora onenak egin zituen lehen luzean eta ziabogan (05.21) eta helmuga lerroan ere horrela mantendu zen (10.42,48). Hala ere, Orio Orialkiri 86 ehuneko bakarrik atera zizkion.
Bigarren hitzorduan, Sestaoko Udala banderan, ohiko estropada formatuan jokatu zuten.
Nortindal Donostiarra lehen txandan izan zen. Hibaika Jamones Ancinek hartu zuen burua eta estropada guztian zehar atzetik izan zuen Bantxa. Horri esker saioko bigarren sailkatu zen (11.13,32) eta sailkapen orokorrean seigarren izan zen.
Bigarren txandan, Donostia Arraun Lagunak eta Orio Orialkiren arteko lehia estua izan zen. Mirotzak jarri ziren aurretik lehen luzean eta ziabogan (05.56), baina gertu izan zen Lugañene (05.57). Bigarren luzean bere onena eman eta bi traineruak parean izan ziren buruz buru azken metroetan. 46 ehunekorengatik eraman zuten saria donostiarrek.
Era horretara, Donostia Arraun Lagunak sailkapen buru jarri da eta gertu du Orio Orialki; Nortindal Donostiarra zazpigarren da. Hilaren 12an eta 13an, Donostian eta Zierbenan izango dituzte, hurrenez hurren, hurrengo hitzorduak.