Udal gobernuaren "norabide falta" kritikatu du EH Bildu Lasarte-Oriak

Txintxarri Aldizkaria 2025ko uzt. 9a, 11:31

2023-2027 legealdi erdia igaro da, eta EH Bildu Lasarte-Oriako kideek horren gaineko balorazioa egin dute. Adierazi dute egunerokoan "herritarrek eta herriko elkarte eta eragileek bizi duten egoerak" argi adierazten duela udal gobernuak "norabide falta" duela, eta "ez dela gai herritarrei kalitatezko zerbitzua eskaintzeko”

Lasarte-Oriako EH Bilduko kideek Herri Batzarra egin dute berriki, eta ekintza hori baliatu dute 2023-2027 legealdiko balorazioa egiteko. Euren jardunaren gainean, azpimarratu dute udal mailan "eraikitzailea eta eskuzabala izan den oposizio kritiko eta zorrotza" egin dutela. Euren ardura udal gobernuari "jarraipen estua egitea" den heinean, "kritikoak" izan direla nabarmendu dute, eta, gaineratu "alternatiba zehatz eta egingarriak" aurkeztu dituztela. Bide horretan, “herriak dituen hainbat erronkei egiturazko irtenbideak emateko eta lasarteoriatarron bizitza hobetzeko estrategikoak” diren proposamenak egin dituztela, besteak beste, hiru lan ildo hauek jorratuz: hezkuntza, etxebizitza eta zaintza. 

Hezkuntzaren lan ildoa

Lasarte-Oriako hezkuntza komunitatea ikastetxeen eremutik harago dagoela ulertzen du aipatu alderdiak, hau da, herriko hezkuntza ez formala ere hezkuntza komunitatearen parte dela; eta ikastetxeekin batera elkarlanean aritzeko espazioak behar direla. Horregatik, honako proposamenak luzatu dizkiote udalari:

  • Hezkuntza kontseilua sortzea herriko hezkuntza formal eta ez formaleko agenteekin batera, eta hezkuntza kontseilua abiatzeko baliabideak jartzea (15.000 euroko diru partida).
  • Hezkuntza teknikariaren postua sortzea, gaur egun dauden baliabide pertsonalak ez baitira nahikoak.
  • Udaleko eskola kontseilua indartzea, bete beharreko funtzioak egoki garatu ditzan.

Etxebizitzaren arloa
EH Bildu Lasarte-Oriak ohartarazi du herriko etxebizitzaren diagnostikoak argi adierazten duela Lasarte-Oriako etxebizitzaren batezbesteko prezioa azken urteetan asko igo dela, baita alokairuaren batezbesteko prezioa ere (% 18,2).
Adierazi dutenez, “etxebizitza funtsezko beharra da, eta herritarrek etxebizitzarako sarbidea izan dezaten, ezinbestekoa da etxebizitza politika publikoak garatzea”. Egoera arintzeko hainbat proposamen egin dituzte:

  • Etxebizitza hutsen errolda osatu eta jenderik gabeko etxebizitza deklaratzea.
  • Etxebizitzak alokairuan arrazoizko prezioan jartzera bideratzeko udal-plana osatzea.
  • Lasarte-Oria eremu tentsionatu izendatuta dagoenez, lurzoru publikoko etxebizitza guztiak erabilera publikora bideratzea.
  • Etxebizitza Bulegoa sortzea.

Hirugarrena, zaintza

EH Bildu Lasarte-Oriaren iritziz, zaintza "gizartearen funtsezko zutabea izateaz gain, gure komunitatearen kohesioa eta ongizatea bermatzeko ezinbesteko faktorea" dela, eta denok dugula zaintza egokia jasotzeko eskubidea. Alderdikideen iritziz, Lasarte-Oriako Udalak "aktiboki" parte hartu behar du baliabide egokiak eskainiz eta komunitate sare sendoak eraikiz”. Udalak dituen erronkei erantzuteko hainbat proposamen egin dituzte, ondorengoan, besteak beste:

  • Adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzeko, zaintza ereduari buruzko parte-hartze prozesu bat abiaraztea.
  • Bakardade ez desiratuari erantzuteko, auzo laguntza sustatzeko gizarte dinamizatzaile bat kontratatzea.
  • Etxez etxeko laguntza zerbitzua indartzea eta langileen lan-baldintzak hobetzea.

Proposamen horiei guztiei, "entzungor"

Proposamenen horien guztien aurrean PSE-EE eta EAJk osatutako udal gobernuak "entzungor" egin duela eta "elkarlanerako intentziorik ez duela erakutsi" ere jakinarazi du EH Bildu Lasarte-Oriak. Halaber, jakinarazi du lehenago ere eskatu duten arren, udal gobernuak ez duela herrian dauden erronkei erantzuteko plangintza estrategikorik aurkeztu. Gauzak horrela, honako adierazpenak egin dituzte: "Udal gobernua ez da gai zer-nolako Lasarte-Oria nahi duen definituko duen herri proiektua aurkezteko. Egunerokoan herritarrek eta herriko elkarte eta eragileek bizi duten egoerak argi adierazten du norabide falta duela Udal Gobernu honek, eta ez dela gai herritarrei kalitatezko zerbitzua eskaintzeko. Gure ustez, ezinbestekoa da Udalaren egoerari irtenbidea emateko epe motz, ertain eta luzera begirako plangintza osatzea”.

Horrenbestez, EH Bildu Lasarte-Oriako kideek argi du plangintza horretan, "ezinbestekoa" dela herriko elkarte, eragile, agente eta norbanakoekin "elkarlanean aritzea, baita oposizioko kideekin ere". Gaur gaurkoz, ordea, ez aipatu alderdiak ez dio horretarako jarrerarik ikusten udal gobernuari. "Oposizioko kideon proposamenak ez dituzte aintzat hartzen, ez da gai izan berdintasun kontseiluan herriko mugimendu feministarekin batera elkarlanean aritzeko, herriko Osasun Publikoaren Aldeko Plataformarekin ere ez da elkartu, Kulturartekotasunaren gaia lantzeko herriko hainbat eragilek eskua luzatu die eta haiekin ere ez dute hartutako hitza bete, eta abar”.

Gehitu dute "kudeaketa ezaren edo txarraren ondorioak" herritarrek pairatzen dituztela, eta herritarrak direla kaltetuenak; hori azaltzeko honako xehetasunak eman dituzte. Azaldu dute Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) eta Gizarteratzeko Laguntza Bereziak (GLB) atzerapen handiarekin ordaindu dituztela, eta kontuan izan behar dela laguntza hauek jasotzen dituzten herritarrak egoera zaurgarrietan aurkitzen direla. Gaineratu dute, herriko elkarte eta eragileek "arazo larriak" dituztela eguneroko ordainketei aurre egiteko, udalaren dirulaguntzak atzeratu egiten direlako. Eta, azkenik, azaldu dute departamentuetako egoerek ez dutela hobera egin eta lanpostuak betetzeko zailtasunak handiak direla. Uste dute, besteak beste, azken urteetan hartu diren erabakien ondorio dela hori ere.

Amaitzeko, honako adierazpenok egin dituzte: “Gure ustez, herriak dituen beharrei lehentasuna eman beharrean, alderdien (PSE-EE eta EAJ) arteko akordioa jarri dute erdigunean. Ondorioz, egunerokoan udaleko ohiko funtzionamendua garatzeko eta herritarrei zerbitzua eskaintzeko ezgaitasuna du udal honek".