Palestinari elkartasuna adierazteko marraztutako horma irudian egindako pintaketak salatu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2025ko uzt. 7a, 19:53

Lasarte-Oria Palestinarekin herri ekimenak deituta, Palestinaren aldeko horma irudian egin dituzten pintaketak salatu berri dituzte herritarrek. Horietan adierazi dituzten mezu sionista, arrazista, homofobo, islamofobo, kolonialista, inperialista eta faxistak gaitzetsi dituzte. Murala pintura zuriz margotu dute

Lasarteoriatarrek Palestinari elkartasuna adierazteko egindako muralaren aurrean egin dute agerraldia; horma irudi horri eraso egin diotela salatu dute, baita pintaketetan adierazitako mezuak ere; Fuck Islam, Fuck Iran, Gora Israel edo Islam = homofobia  adierazpenak idatzi dituzten. 

Gertaera hori salatzearekin batera, azpimarratu dute Palestinarekin duten konpromisoa "geldi ezina" dela eta halakoa izaten jarraituko duela "hura erabat deskolonizatu eta Israelgo erakunde sionista desegin arte". Honako adierazpenak egin dituzten jarraian: "Berdin dio zenbat horma irudi saboteatzen dituzten, Palestina eta Erresistentziaren Ardatza babesten jarraituko dugu inperialismoaren eta sionismoaren aurkako borrokan".

Hausnarketa bat ere partekatu dute: "Horma irudi hori erasotzeko erabili dituzten mezuek, erakusten dute faxismoa eta zapaldutako subjektuen aurkako gorroto mezuak pauso erraldoiak emanez eta inpunitate osoz doazela aurrera. Historia garaikidean ezagutu dugun genozidio basatienean Palestinar herriari askatasuna ukatzea faxismoa
da".

Gaineratu dute egun Gora Israel esatea eta 40. hamarkadan Heil Hitler oihukatzea "gauza bera" direla, eta ez soilik III. Reich-aren eta sionismoaren arteko "egiaztaturiko loturengatik", baizik eta "bi erregimen horiek eurek ezberdintzat jotzen dituztenen deuseztapen sistematikoan oinarritzen direlako". Eta, nabarmendu, islamari, eta horrekin komunitate arabiar edota musulman osoari, konnotazio faltsuak egoztea, "faxismoa" dela. 

Agerraldiak aurrera egitearekin batera, honako adierazpenak egin ditu gero Lasarte-Oria Palestinarekin herri ekimeneko kideak: "Hemen pertsonak -sexu, genero- eta desira disidentziagatik erasotzen eta hiltzen diren bitartean, Islam = homofobia esatea islamofobia ekintza nazkagarria da. Hain zuzen ere, komunitate oso bat kriminalizatzea da arraza- eta erlijio gorrotoa hauspotzeko asmoz. Hori da zehazki Israelek pinkwashing-aren bidez egiten duena. Eta hori ere faxismoa da. Era berean, azpimarratu dute Palestinar herria apartheid-aren bidez zapaltzen duen Israelgo estatu sionistaren aldeko aldarria egitea ere faxismoa dela.

Amaitzeko, argi adierazi dute faxismoaren aurrean beste aldera begiratzea ezinezkoa dela: "Bere gorroto mezuak zabaldu nahi
dituen espazio guztietan aurre egin behar zaio, ez erakundeetan soilik, baita kalean ere".