Lehiaketa hori herrian erroldatuta dauden 16 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dagoela jakinarazi du zinegotziak. Sakelako telefonoak nahiz kamera profesionalak erabil ditzakete lehiakideek eta zenbait irizpide kontuan izan beharko dituzte irudiak egiterakoan; horizontalak eta bereizmen handikoak izatea eta "Lasarte-Oriaren esentzia" erakustea txoko berezien, eguneroko uneen edota udalerriko bizitzaren momentu adierazgarrien bidez.
Gauzak horrela, herritarrak parte hartzera animatu ditu Fernandezek: "Ez bakarrik sariengatik, baizik eta etxe guztietara iritsiko den zerbaiten parte izateak duen balioagatik". Halaber, azpimarratu du erakutsi nahi dutela bizilagunek "Lasarte-Oria kolektiboki" nola ikusten duten.