Alboka Abesbatzako kideek Galiziara eramango dituzte euren doinuak

Txintxarri Aldizkaria 2025ko uzt. 3a, 13:52

Bihartik hilaren 9ra arteko biratxo bat egingo du herriko taldeak autonomia erkidego horretan zehar, bi emanaldi egiteko. Hilaren 5ean emango dute aurreneko kontzertua, Vigo lurraldeko Maria Auxiliadora elizan, bertako Mistura Vocal abesbatzarekin batera. Hiru egun geroago, A Coruñara joango dira, San Pio X eta San Roke elizan Gaos koruarekin batera kantatzera. Bidaia horretan ezagutuko dituzte baita ere Leon, Benavente edota Santiago de Compostela.

Galiziara eramango duten errepertorioan izango dira Stay a thousand years (Ramin Djawadi-rena, batzuentzat Game of Thrones telesailetik ezaguna), M.M. Azpiazuren Brodatzen - Godalet, Aita Donostiaren Virgo dei genitrix, Javier Bustoren Euskal jokoak eta Josu Elberdinen bi obra, Izar ederrak eta Erromes kantua. Autonomia erkidego horretako obrak ere eskainiko dituzte: Julio Dominguezen Cada noite (Maximino Zumalaveren doinuarekin eta Rosalia de Castroren testuarekin) eta Josu Elberdinen Foliada de Santiago. Gure ekitaldiaren amaieran Julio Numhauser-en (Diego Petrelli-ren moldaketarekin) Todo cambia abestia  interpretatuko dute.