Jauzi hirukoitzean bi domina eskuratu zituzten talde urdin beltzeko kideek. Naroa Furundarena berriro Euskadiko txapeldun izan zen. Nagusi izan zen finalean 12 metro baino gehiagoko bi jauzi eginez, 12,52 metroko jauziak eman zion garaipena. Oinatz Almagrok brontzezko postua eskuratu zuen azken saiakeran 13,39 metrora iritsiz.
Postu bera eskuratu zuen taldekide Enara Gonzalezek luzera jauzian. Hirugarren aldian 5,39 metroko marka egin zuen.
Abiadura probetan ere izan ziren herritarrak. 100 m lasterketan, Real Sociedad taldeko Yeray Veroniz finalera sailkatu zen eta bosgarren amaitu zuen lehia (10,85). Ostadar SKTko Maider Abete (12,65) eta Iraia Goikoetxeak (12,80) ezin izan zuten finalerdia gainditu.
Atletico San Sebastian taldeko Nerea Eugik, aldiz, 200 m. lasterketako finala jokatu zuen eta laugarren izan zen 25,24 markarekin.
40,05 metroko jaurtiketari esker, disko jaurtiketa lehian laugarren izan zen Ostadar SKTko Maider Redondo. taldekide Oihana Igarriz ere finalean izan zen eta zortzigarren (33,38 m.) amaitu zuen proba.
Eta pertika jauzian, Atletico San Sebastian taldeko Hodei Murgiondok 3,60 metrora hegan egin eta laugarren amaitu zuen jardunaldia.