Binakako II. Xake Txapeketarekin ekin diote arratsaldeari lasarteoriatarrek. Palomo Linaren elkarteak aurrera eraman dute ekimen hori, eta hamabi bikotek parte hartu dute aurtengo edizioan.
Ostean, berriz, Nafarroako doinu tradizionalak ikustera bildu dira lasarteoriatarrak. Voces Navarras taldeak jota emanaldia eskaini du Isla plazan. Zuri-gorriz jantzita agertu dira taldekideak jendaurrera, eta horiek abestutako doinuekin gozarazi diete arratsaldea ikus-entzuleei.
Familia planaz gozatzeko tartea ere izan dute herriko sendiek Niño Costrini-ren eskutik; Jaizkibel plazan izan da antzezlana.
Batukadaren erritmora
Brasilgo doinuekin dantzan aritu dira ostean herritarrak. Dinbi Banda batukada taldeak erakustaldia egin du. Okendo plazatik abiatu dira, eta herriko zenbait txoko eta bazter doinuz bete dituzte.
Musika erregistroa erabat aldatu, eta Biyak Bat koruaren emanaldia ere izan da afalaurretik. Ama Brigitarren komentuan kantatu du, eta askotariko abesti ezagunak entzun ahal izan dituzte bertaratu direnek.
Gazteen festa guneko oholtzan, berriz, Kai Nakai abeslari gasteiztarra izan da. Euskarazko musika urbanoa egiten duen artista da, gehienbat reggaetoi abestiak eskaini dizkio publikoari. Herriko gazteak batu dira aipatu espazio horretan, atsegin duten musikariaren emanaldiaz gozatzeko.
Jaizkibel plazan, aldiz, bestelako musika emanaldi batekin gozatzeko aukera izan dute herritarrek. Mecamela taldea aritu da festa eremu horretako agertokian, eta Camela abeslariaren abesti ezagunak ekarri ditu herrira.