Herritarrak lehen postuetan izan dira lasterketa ezberdinetan

Txintxarri Aldizkaria 2025ko eka. 26a, 09:15

Ezkerrean, Sukuntza neba-arrebak lehian. Eskuinean, Jon Presa, Hernanin lasterka. Arg.: J. Zatarain / M. Noriega Zaldua

Lasarte-Oriako korrikalariak lasterketaz lasterketa dabiltza. Hilaren 20ean eta 21ean, inguruko herrietako jaietako krosetan zein mendi lasterketetan lehiatu eta podiumean izan dira

Lasarte-Oria jaietan murgilduko da egun hauetan. Baina gure inguruan Hernani eta Andoain jai betean daude eta horietan Azeri Bila eta Kros mistoa egiten dira, hurrenez hurren; bietan izan dira herritarrak podiumean.

Hernaniko proban, Jon Presa bigarren postuan sailkatu zen (33:04) eta Andoaingoan, aldiz, Aimar eta Maddi Sukuntza neba-arrebak hirugarren izan ziren (23:30).

Eta izan da Extremaduran ere lehian izan den herritarrik podiumean, hilaren 21ean. Zehazki, Serradillako '4 lobos y 3.000 buitres' proban. Gaueko proba horretan kros (9,4 km.) eta trailean (22,3 km.) parte hartu zuen lasarteoriatar talde batek eta lehen postuetan izan ziren trailean. Sergio Ramirez (02.08.08) eta Jon Huici (02.19.49) herritarrek bigarren eta hirugarren amaitu zuten proba, hurrenez hurren. krosean, Xabier Carcedo (56.58) zortzigarren izan zen.

Bestalde, Andoainen Leizaran bailaran egiten den Bertxin Xtrem probako 500 eta 1.000 eskailerako igoerak egin ostean,  Ibai Izagirren 08.28 denbora metatu zuen.

Hilaren 22an, Txirrita Mendi lasterketan ere izan zen ordezkaririk. Donostiako Altza auzoan egiten den lehiaketan AItor Iurramendi herritarrak 01.50.30 behar izan zituen ibilbideko 16,6 kilometroak egiteko. 

T3T eta omenaldia

Astebete lehenago, hilaren 15ean, T3T, T2T eta Uxue trail probetan izan ziren lehian herritarrak edo herriko ordezkariak.

Tolosaldeko tontorrak kokagune dituzten bi probetan herritar azkarrenak Borja Granado (T3T, 03.06.50) eta Miguel Granado (T2T, 01.38.38) izan ziren.

Uxue Traileko bi lasterketetan ere parte hartu zuten lasasrteoriatarrek. 20 kilometroko proban Erik Serrano izan zen lehena helmugan (02.42.45) eta 11,5 kilometroko lehian, Lasarte-Oria Trail Mendi elkarteko (LOTME) kide Xabier Aizpuru bigarren sailkatu zen (01.04.20); lehen herritarra Unai Saizar (01.20.30) izan zen.

Proba horretan, gainera, iaz zendu zen Lasarte-Oria Trail Mendi elkarteko eta probako antolakuntzako kide Juan Luis de la Mata izan zuten gogoan.

Ezkerrean, Uxue Traileko 11,5 km. podiuma. Eskuinean, Juan Luis de La Matari omenaldia. Arg.: Uxue Trail /Jon Zugasti.