Aimar Sukunza, Euskadiko triatloi txapelketako podiumean

Txintxarri Aldizkaria 2025ko eka. 25a, 10:00

Aimar Sukuntza, Lekeition eskuratutako garaikurrarekin. Arg.: K. Gomez.

Proba batetik bestera dabiltza herriko triatloi kirolariak azken hilabetean. Gasteiz (Araba), Zarautz edo Lekeitiko (Bizkaia) distantzia ezberdinetako probak lehiatu dituzte eta azken horretan Aimar Sukunza herritarra 23 urtez azpiko Euskadiko txapelketako podiumera igo da

Nazioarteko kirolarien artean lehiatu zen Aimar Sukuntza herritarra Lekeitioko Triatloian. Espritn modalitateko Euskadiko txapelketa jokoan ere bazegoen proban eta garaikurra lortzeko 750 m. igerian, 21 km. txirringan eta 5 km. korrika gainditu behar zituzten parte hartzaileek. Sukuntza bederatzigarren postuan iritsi zen helmugara eta 01.01.27 marka eginez, 23 urtez azpiko Euskadiko txapelketako podiumean izan zen; brontzezko domina jantzi zuen. Maila absolutuan, aldiz, seigarren sailkatu zen herritarra.

Astebete lehenago, Zarauzko Triatloia jokatu zen. Parte hartzaileek distantzia erdiko probari egin zioten aurre, hau da, 2,8 kilometro igerian, 80 km. txirringan eta 20 km. korrika. Lasarteoriatarren artean, Trinko taldeko Imanol Arteaga (04.26.15) izan zen helmugara iristen lehena. Taldekide Pablo Muñozek (04.51.29) eta Zigor Gallardok (05.13.10) zein Zumeatarrako Urko Izagirre herritarrak (04.39.16) ere amaitu zuten proba.

Eta hilaren 7an, distantzia erdiko beste proba bat lehiatu zen, Gasteizko Otso Half. Horretan Zumeatarra taldeko Ibai Izagirre izan zen borrokan. 1,9 km. igerian eta 90 km. bizikletan egin ostean, Gasteizko kaleetatik barrena 21 km. korrika egin zituzten lehiakideek. Izagirrek 04.50.54 behar izan zuen helmugara iristeko.