Okendo plazan jarri zuten ibilgailua ikusgai herritarrek bertatik bertara ezagutu ahal izan zezaten, eta dagoeneko martxan dabil. Agerraldian izan dira Agustin Valdivia alkatea, Zerbitzu Publikoetako zinegotzi David Mateos eta zerbitzuaren kontzesioa duen Transitia enpresako zuzendari Alberto Almirante.
Ibilgailu berria, ISUZU Novociti Volt, % 100 elektrikoa da eta garraio publiko jasangarriago eta irisgarriago baten aldeko apustu sendoa da. Zortzi metro baino gutxiagoko luzera du eta bi metro eta erdiko zabalera. Gainera, Lasarte-Oriako hiri orografiara egokitzeko bereziki diseinatuta dagoela azpimarratu dute; horrek bermatzen du kale guztietatik igarotzea.
Alkatea "oso pozik" agertu da ibilgailu berriarekin: “Ingurumena errespetatzen duen garraiobide jasangarri baten alde lan egiten dugu. Oso pozik gaude une hau iritsi delako eta herritarrei zerbitzu berritua, modernoa eta ingurunearekin konprometitua eskaini ahal izan zaielako".
Bidaiari kopurua eta autonomia
Autobusak 40 bidaiari baino gehiago eraman ditzake, eserita dauden pertsonak, zutik daudenak eta gurpil aulkiak edo haur kotxeak barne. Plataforma ateragarri bat eta belaunikatze sistema bat (kneeling) ditu; azken horrek espaloitik sartzea errazten du, eta, beraz, irisgarritasuna nabarmen hobetu. Horri dagokionez, honakoa nabarmendu du Mateosek: "Modelo honek ahalmen handiagoa, erosotasun handiagoa eta prestazio hobeak ematen du. Irisgarritasunaren eta hiri mugikortasun guztiz elektrikoaren aldeko apustua da, eta energia berriztagarriekin elikatzeko aprobetxatuko dugu, udalaren berotegiko eguzki panelei esker”.
Ibilgailuak barne eta kanpo lokuzio sistema du geltokiak iragartzeko, informazio pantaila bat barruan, geolokalizazio sistema bat, MUGI balidatzaileak bi ateetan, eta bideozaintza sistema hainbat kamerarekin, segurtasuna indartzeko.
Bateria sistemari esker, 300 kilometrotik gorako autonomia du ibilgailuak, eta hori nahikoa da egun osoa kargatzeko beharrik gabe erabili ahal izateko, balaztatzean edo dezelerazioan energia berreskuratzeko sistemari esker. Ibilgailua gauez kargatuko dute udal instalazioetan, ahal denean eguzki energia erabiliz.
Agerraldiari amaiera emateko alkateak hartu du hitza, eta esan, hiribusaren zerbitzuak orain arteko izen eta funts bera mantenduko dituela.