Herriko atletak, bikain hainbat txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2025ko eka. 19a, 14:00

Ezkerrean, Mari CArmen Olaso, dominarekin. Eskuinean, Atletico San Sebastianeko 4x100 erreleboa; Nerea Eugi ezkerretik bigarrena da. Arg.: MC Olaso/ Atletico San Sebastian

Lasarte-Oriako atletak Adin txikiko zein Master mailako Gipuzkoako txapelketan zein Espainiako Ligako azken jardunaldian lehian izan ziren hilaren 14an eta 15ean. Ederki jardun ziren eta batzuk podiumera ere igo ziren

Adin txikiko zein Master mailako Gipuzkoako txapelketako azken jardunaldia lehiatu zen hilaren 14an, Donostiako miniestadioan eta bi herritar lehen postuetan sailkatu ziren.

Mari Carmen Olasok urrezko domina jantzi zuen 3.000 metroko lasterketan. 16 urtez azpiko mailan, aldiz, jauzi hirukoitzeko bigarren mailara igo zen Atletico San Sebastian taldeko Hodei Murgiondo herritarra.

Ligan lehian

Bestalde, Ostadar SKTko Oinatz Almagro eta Atletico San Sebastian taldeko Nerea Eugi Espainiako Ligako azken jardunaldiari egin zioten aurre, Soarian (Gaztela eta Leon); Almagrok Bidasoa Atletiko Taldearekin (BAT) parte hartu zuen.

Hilaren 14an, Eugik Ohorezko Mailako finalean parte hartu zuen Atletico San Sebastian taldearekin eta bi probatan egin zuen lasterka: 100 m. proba extran ( 10º, 12,27) eta 4x100 metro erreleboa (4º, 46,06). Donostiako taldeak laugarren postua eskuratu zuen jardunaldian.

Bestalde, egun bat geroago, Almagro Ohorezko mailako igoera jokoan izan zuen BAT-ekin. Lasarteoriatarrak zortzigarren postua (13,06 m.) eskuratu zuen jauzi hirukoitzean eta jardunaldia amaitzean, BAT zortzigarren izan zen sailkapenean.

Hurrengo hitzordua

Eta txapelketa garaiak aurrera darrai. Hilaren 21ean, bi lehia izango dituzte herriko ordezkariek. Batetik 16 urtez azpiko Euskadiko txapelketa jokatuko da Gasteizen (Araba) eta bestetik, absolutu mailako Gipuzkoako txapelketako azken jardunaldia eta proba libreak izango dira, Arrasaten.