Abisu horia beroagatik... eta eurite arriskuagatik

Txintxarri Aldizkaria 2025ko eka. 19a, 13:23

Egun oso beroak izaten ari dira hauek Lasarte-Orian ere. Hori dela-eta, Euskalmet agentziak abisu horia eman du bai gaur eta bai bihar ere, tenperaturak 30-35 gradu artekoak izan daitezkeelako. Horrelakoetan askotan gertatzen den moduan, ohartarazi du gaur arratsaldeko 15:00etatik 22:00etara euri asko egin dezakeela. Udalak bere egin ditu abisu horiek eta herritarrei eskatu die kontu handiz ibiltzeko, norberaren segurtasuna eta osasuna lehenetsita.

Itzalpean ibiltzeko eta etengabe freskatzeko egunak dira hauek. Bihar arte gutxienez abisu horia eman dute tenperatura altuengatik eta, horren aurrean, herritarrak gerizpean egoteko eta beroari aurre egiteko aukeren bila ikusi ditugu eguerdian: tabernetako terraza eta barrualdeak, itzaletan dauden bankuak, iturri eta ur botila hotz-hotzak, abaniko eta bestelako haizagailuak... Eguerdiko hamabiak aldera farmazietako tenperatura guztiak ziren 30 gradu baino altuagoak. Kokapenaren eta eguzkipean egon diren denboraren arabera, edonola ere, desberdinak izan dira: 33, 35 edota 40 gradu ere bai. 

Baliteke arratsaldean abanikoak aterkiengatik ordezkatu behar izatea, eurite arriskuagatik abisu horia eman dutelako 15:00etatik 22:00etara. Orduko, asko jota, 30 litro bota ditzake metro karratuko.