Urteko kanpainarik "erakargarrienetako bat" aurrera eramango du Aterpeak hilaren 23tik uztailaren 11ra: Eskuratu 1.000 euro. Horren xedea da herritarren artean Lasarte-Oriako komertzioetan erosteko ohitura sustatzea. Horrela, ekimenarekin bat egin duten establezimenduetan (69 izan dira aurtengoan) arestian aipatutako epealdian erosketak egiten dituzten bezeroek, 1.000 euroko erosketa txartel baten zozketan parte hartuko dute. Horretarako, erosketak egiterako unean, dendariak papertxo bat emango die bezeroei; horiek euren datuekin bete beharko dituzte.
Parte hartzeko epealdia igarota, irabazleari sariduna dela jakinarazi eta erosketa txartela erabili beharko du. Uztailaren 18a izango da horretarako eguna; 17:00etatik 20:00etara egingo ditu erosketa guztiak. Okendo plazan auto dotore batek jasoko duela ere iragarri dute merkatarien elkarteko kideek, eta esan, horietakoren batek lagunduko duela dendaz denda.
Agerraldia amaitu aurretik, herritarrak kanpainan parte hartzera deitu dituzte, eta, bide batez, ate joka ditugu San Pedro Jai zoriontsuak opa dizkiete. Hilaren 29an Aterpeak Okendo plazan aurrera eramango duen sardina jatera ere gonbidatu dituzte.