Santiagok agerraldian azaldu duenez, adimen desgaitasuna duten 150 bat kirolari bilduko dira herrian areto futbol egokituko 3. Euskal Kopa jokatzera: "Kirol egokituaren festa handi honekin emango diogu amaiera aurtengo denboraldiari. Lehen bi aldiak Bizkaian, Erandion jokatu ditugu eta oraingoan, Lasarte-Orian eta Zarautzen izango dira norgehiagokak".
Areto futbol egokituko Euskal Kopako azken fasean, DI 2024-2025 Euskal Ligan parte hartu duten 7 klubetako 17 talde izango dira lehian. Guztira, 200 bat futbolari (175 gizonezkok eta 25 emakumezkok) izango dira hiru mailatan eta bi egoitzetan banatuta: 1. Maila, 2. A Maila eta 2. B Maila. Izan ere, Kirol Egokituaren Euskal Federazioako kideak nabarmendu modura: "Gure kirola mistoa da. Ez dago sexu bereiztasunik eta guztiek baldintza berdinetan lehiatzen dute".
Zehazki 2. A (7 talde) eta B (6 talde) mailako final laurdenak eta final erdiak jokatuko dira Lasarte-Orian. Goizeko 09:00etan hasi eta 15:00ak arte izango dira partidak jokoan. Finalak, aldiz, Zarautzen lehiatuko dira, baita 1. mailako lehia ere.
Era berean, Santiagok eskerrak eman dizkio Lasarte-Oriako Udalari kirol egokituaren sustapena egin eta ikusgarritasuna emateagatik.
Lasarte-Oriako kirol zinegotzi Pildainek adierazi modura, “kirol lehiatik askoz harago doa jardunaldi hau. Inklusioaren, ikusgarritasunaren eta adimen urritasuna duten pertsonen ahaleginaren eta talentuaren aitortzaren aldeko apustu argia da. Harro gaude ekitaldi handi honen egoitzetako bat izateagatik”.
Antolatzaileek herritarrak gonbidatzen dituzte kiroldegira hurbildu, ekimenarekin bat egin eta kirol egokitua babestera.