Maialen Chourrautek brontzea eskuratu du Paueko Munduko kopan

Txintxarri Aldizkaria 2025ko eka. 17a, 11:30

Maialen Chourraut (erdian), eskuratutako dominarekin. Arg.: RFEPiraguismo

Munduko Kopako bigarren hitzordua lehiatu zen hilaren 13tik 15era Pauen (Frantzia). La Seu D'Urgellen (Lleida) jokatutako lehen proban Maialen Chourraut herritarrak dominik eskuratu ez bazuen ere, oraingoan podiumeko hirugarren mailara igo zen kayak kros proban.

Hilaren 13an eman zion hasiera lehiari Chourraut herritarrak K1 mailako saioarekin. Baina ez zuen zorterik izan eta ezin izan zuen kanporaketa gainditu.

Bi egun geroago, aldiz, bestelako izan zen olinpiar dominadunak kayak krosean izan zuen jarduna. Bakarkako erlokupeko proban 25. marka egin zuen eta horrek kanporaketa jokatzera behartu zuen. Hala ere, Chourrautek ez zuen amore eman eta saio horretan, final laurdenean eta final erdian lehen postuan sailkatu zen, finalera iritsiz.

Horretan, taldekide Miren Lazkano, Chiara Sabattini italiarra eta Olga Samkova txekiarrarekin egin zuen bat. Lehia polita egon zen eta Lazkano gailendu zen. Chourrautek hirugarren postua eskuratu zuen.