Rocioko erromeria ospatu dute Semblante Andaluzekoek

Txintxarri Aldizkaria 2025ko eka. 15a, 22:25

Semblante Andaluz Elkarteak Rocioko 30. erromeria ospatu du, asteburu honetan. Zenbait unetan, eguraldia ez dute lagun izan. Alabaina, ez die festa zapuztu. 

Rocioko erromeria Pentekosteko jaialdiaren asteburuan ospatzen dute, Huelvan; Pazko Igandea jazo eta berrogeita hamar egunera. Egun batzuk geroago, ohiko legez aurrera eraman dute Lasarte-Orian, 30. aldiz. 

Larunbat goizean taberna ireki zuten Semblante Andaluzeko kideek, Atsobakarren. Goizetik gauera arte, askotariko ekitaldiekin biziki disfrutatu zuten; besteak beste, herri dantzaldiekin, bazkariarekin, koru emanaldiarekin edota Amaia Gonzalez Caballero eskolakoen erakustaldiarekin. 

Aurreko eguneko giro alaiarekin jarraiki, meza rozieroarekin hasi dute, igandea. Zumaburuko Arantzazuko Ama parrokian elkartuta, elizkizuna Garitano apaizak zuzendu du elebitan, euskaraz eta gaztelaniaz. Aldarearen bi alboak dotore agertu dira. Izan ere, eskuinaldean, Semblante Rociero koruko kideak eseri dira. Bestaldean, Rocioko amaren irudia eta kofradiako zutohiala ipini dituzte. Koruak noizbehinka abestu du. Hori ez ezik, bertsoa ere bota du Garitanok, euskaraz. Ezustekoaren aurrean, publikoak txalo zaparrada eskaini diote. Era berean, kofradiako kide batek domina jaso du. Meza errematatzeko, Duende laukotea dantzan aritu da, aldarean. 

Elizatik aterata, bertako enparantzan, dantzaldiarekin jarraitu dute. Aurreko urtean ez bezala, aurten prozesioa egin ahal izan da. Elizkizunarekin hasi aurretik, hura oraindik kolokan zen, baina elizatik irtetean, ateri zela aprobetxaturik, Zumaburitik Atsobakarrera abiatu dira. Bidean, geldiuneak egin dituzte. Ama Brigitarren komentuan, mojekin argazkiak atera dituzte. San Pedro parrokian, aldiz, dantzan eta kantuan aritu dira. 

Atsobakarko parkera ailegatzean, Ohorezko ardoa eskutan izan dutelarik, rebujitoa, Semblante Andaluzeko kideek herriko ordezkariek agintarekin topa egin dute, Agustin Valdivia izan da buru. Jarraian, luntx berezia dastatzeko beta izan dute; urdaiazpikoa, patata tortila eta gazta. Ondoren, bazkari herrikoia egiteko mahaiak prestatuta, denok batera paellaz gozatu dute. 

Menu goxoari esker indarberrituta, arratsaldean, dantza emanaldi ugari eskaini dira. Elkarteko Al Alba, Azahar eta Duende oholtzaratu dira. Etxekoekin batera, inguruko herrietako taldeek ere emanaldia eskaini dute: Irungo Embrujo Andaluz eta Oreretako Azabache. Jakarandak ere erakustaldia egin du, baita Semblante Rociero koruak ere. Azkenengo horiek Salve Rociera abestia entonatuta, aurtengo ospakizuna amaitu da. 

Erlazionatuak