Egun osoko txapelketa prestatu dute Los Chavales de Martija taldekoek. Goizetik hasita, arratsaldera arte jokatu dira partidak. Haur mordoak parte hartu du eta publikoa ere jendetsua izan da. Izan ere, dagoeneko tradizioa da herri honetan, ekaina iritsi eta Jose Martijaren omenez bere ikasleek eta senideek egindako torneoa.
Ohiko legez, alebinen lehen mailako hamabi talde lehiatu dira: Antiguoko KE, Martutene KE, Añorga KE, Real Racing Club, Euskalduna KE, Real Sociedad SAD, CD Vasconia, Billabona KE, Sanse, Real Union, Ostadar SKT eta Texas Lasartearra CF. Euria egin arren, giroa alaia izan da.
Neurketekin hasi aurretik, Mitxelo Olaizola herritarra omendu dute. Olaizola urte luzez Errealeko tresnazaina izan da. Tabernaren ondoan hizketan aritu da bere familiakoekin, umeek pasilloa egiteko kolokatu bitartean. Hamarretan, tresnazain ohiak berariazko bidea egin du, apal, eta Martijatarren ama Nieves Lopezek txapela jantzi dio. Musu eta besarkada artean agurtu dira. Ondoren, Olaizolak ohorezko sakea egin du, txalo artean.
Txapelketa hiru taldeetan banatu da. Goizean, itzuli bateko multzoko fasea jokatu dute. Partidek hogei minutu iraun dute, eta lehiak binaka egin dira, hots, Michelingo zelaia bitan banaturik, bi norgehiagoka, aldi berean. Etxeko taldeak fin aritu dira. Ostadarrek finalerdietarako pasea penaltietan lortu du. Tamalez, Texas lehen fasean geratu da.
Ligaxka amaituta, hirugarrenak eta laugarrenak Europa League delakoa jokatu dute. Kasu honetan, Ostadarrek eta Sansek. Partida bizia izan da bi ekipoak amaierara arte lehiatu baitira. Batek gola sartu, eta jarraian, besteak. Azkenean, markagailua berdinduarekin iritsi dira hamabost minutuko bigarren zatiaren amaierara. Hortaz, penaltietara. Honetan ere oso pareko aritu dira, baina azkenean Ostadarrek irabazi du. Lasartearrek pozarren bizi dute garaipena.
Lehenengoak eta bigarrenak Champions League jokatu dute; Real Racing Clubek eta Antiguoko KEk. Kideen antzera, lehia izugarria izan da. Markagailuan bata bestearen atzetik aritu dira, azkeneko minutuetan, donostiarrek gola sartu arte.
Txapelketa errematatzeko, sari banaketa egin dute, areto futboleko kantxan. Los Chavales de Martijako bi kideek jokalari guztiei domina bana ipini diete. Hori ez ezik, ekipoei kopak eman zaizkie. Oroigarri horiek pertsona ugarik entregatu dituzte; batetik, Etxezarreta harategiko arduradunek, eta bestetik, Kirol Zerbitzuko buru Goizalde Pildainek eta alkate Agustin Valdiviak sari potoloenak.