Bi erremonte partida jokatu dira, ostiral honetan, Michelin kirol guneko pilotalekuan. Oriamendi enpresak antolatu ditu norgehiagokak Erremontari Herriz Herri proiektuaren harira. Izan ere, ekimen honek helburu du Euskal Herriko hamabi herriei erromonteaz gozatzeko aukera ematea. Lasarteoriatarrek estreinakoz ikusi dute kirol tradizional hau, etxeko frontoian.
Lehen norgehiagokan, Gurrutxaga eta Aiestaran VIa Susperregi eta Apezetxearen aurka neurtu dira. Jokaldi finak egin dituzte, bertakoek zein kanpokoek. Lehenengo seta gorriek irabazi dute. Tamalez, bigarrenarekin hasi berritan, Susperregi aurrelariak kolpea jaso du, aldakan eta partida bertan behera utzi da. Michelinera bertaratutako publikoak txalo zaparrada itzela eskaini dio oiartzuarrari, kantxatik erretiratzean.
Arestian esandako ezbeharra dela-eta, bigarren partida espero baino lehenago hasi da. Alabaina, jokalariak dagoeneko prest ziren; xisterak eta kaskoak jarrita zituzten. Alde batetik, Ansa II eta Juanenea eta bestetik, Ezkurra II eta Azpiroz. Lehia estua izan da, eta tantoak, ikusgarriak. Hortxe-hortxe aritu dira, baina azkenean, Ezkurra II eta Azpirozek irabazi dute. Honela geratu da markagailua: 11/15/2 eta 15/13/8.
Harmailetan, orotariko pertsonak bildu dira; gazteak zein helduak. Batzuk kuadrilan gerturatu dira erremontea ikustera. Aldiz, beste batzuk bakarrik etortzeko erabakia hartu dute. Dena den, jendearen berotasunak argi utzi du Lasarte-Oria erremonteaz gehiagotan gozatzeko irriketan dela.