Dantzari iaioak direla erakutsi dute

Txintxarri Aldizkaria 2025ko eka. 13a, 21:45

Ikasturte amaierako emanaldia egin dute Udal Dantza Eskolako kideek, ostiral arratsaldean. 

Ikasturte amaiera helduta, Udal Dantza Eskolako ikasleek urtean zehar ikasitakoa senide artean erakutsi dute, ostiral arratsaldean, Manuel Lekuona Kultur Etxean. Hainbat talde oholtzaratu dira balletean aritzeko. Haurrak gazteekin batera, taldean zein bakarka, aipatzekoa ere bada ipuin klasikoak izan dituztela oinarri dantza askok; besteak beste, Edurnezuri eta zazpi ipotxak eta Alizia herrialde miresgarrian kontakizunak. Publikoak biziki gozatu du, eta bertako askok ez dute galdu emanaldiak telefono mugikorrarez grabatzeko aukera.

Aurrematrikula, irekita 

2025-2026 ikasturtean Udal Dantza Eskolan aritzeko aurrematrikula irekita dago hilaren 13ra arte. Eskaintza sei urtetik gorako herritarrei irekita delarik, interesdunek kultur etxean izena eman beharko dute aurrez aurre, bertako ordutegiari jarraiki: 09:00etatik 13:00etara. Alabaina, ordutegiz kanpo bertaratutakoek matrikulatzeko orriak arratsaldez eskura izango dituzte, atezaintzan. Betetzerakoan, atezaintzan bertan entregatu beharko dituzte. Sinadura elektronikoa dutenek udalaren erregistroaren bidez bidali ahal izango dute matrikula. Udaleko agintariek esandakoaren arabera, ikasturtea bederatzi hilabetetan ordaindu ahalko da. Horrez gain, gazte txartela dutenek %10ko deskontua izango dute.