Musikaren bidez, kulturen arteko elkarbizitzarako espazio bilakatuko da Oriako frontoia, igandean

Txintxarri Aldizkaria 2025ko eka. 13a, 11:21

Hitzetatik Ekintzetara egitasmoaren hirugarren edizioa aurrera eramaten ari da Kutxa Fundazioa, aurreko bi aldietan bezala, herritarrak 2030 Agendara hurbildu eta garapen jasangarria helburu duten ekimenetan parte hartzera erakartzeko. Horren barruan, Lleno de Naranjas kolektiboak Divercity Jam Session gunea ekarriko du Oria auzoko pilotalekura, igande honetan, 19:00etatik 20:30era. "Musikak konektatzeko duen ahalmena ardatz hartuta, topaketa bizia izango da". DJ baten zuzeneko saioa, bingo musikatua eta bestelako dinamikak uztartuko dituzte.

Urtez urte jomuga desberdinak izan ditu Hitzetatik Ekintzetara proiektuak, 2030 Agendaren barrukoak betiere. Kultura eta hizkuntza aniztasuna da aurtengoa, bestela esanda, 17+1 helburua. Horretarako hemeretzi jardueraz osatutako Klik agenda prestatu du Kutxa Fundazioak, hirugarren sektore ekosozialeko eragileekin elkarlanean.