Hamabi futbol taldek Jose Martija torneoa lehiatuko dute bihar Michelin kirol gunean

Txintxarri Aldizkaria 2025ko eka. 13a, 11:30

Iazko torneoko neurketetako bat.

VIII. Jose Martija torneoak txanda hartuko dio lehenengo larunbatean jokatu zen alebin nesken txapelketari. Bihar, hilaren 14a, Los Chavales de Martija taldeak antolatutako lehiaketan, lehen urteko hamabi alebin talde batuko dira Michelin kirol gunean

Herriko Ostadar SKT zein Texas Lasartearra CFko harrobiko taldeez gain, Antiguoko KE, Añorga KE, Euskalduna KE, Real Sociedad SAD, CD Vasconia, Billabona KE, Sanse, ReaL Union, Real Racing Club eta Martutene KE klubetako ordezkariak izango dira nor baino nor saria eskuratzeko.

Taldeak hiru multzotan banatuko dira eta goizean zehar, itzuli bateko multzoko fasea jokatuko dute.  

Lehen eta bigarren sailkatuek zein hirugarren postuan geratzen diren bi talde onenek Champions Leaguea jokatuko dute arratsaldean; gainerakoek, Europa Leaguea. Kanporaketa sistema bitartez fase bakoitzeko irabazlea erabakiko da.

Antolatzaileek herritarrak gonbidatzen dituzte kirol gunera hurbildu eta taldea animatzera, baita arratsaldean egingo den zozketan parte hartzera ere.