Erremonte jaialdia jokatuko da lehenengoz ostiralean, hilaren 13an, Lasarte-Orian. Gaur eguerdian, alkate Agustin Valdivia, Goizalde Pildain kirol zinegotzia, Oriamendi enpresako kudeatzaile Xabi Gonzalez eta Barrenetxea IV eta Susperregi erremontariak bildu dira Michelingo pilotalekuan ekimenaren berri emateko.
Udal ordezkariak pozarren agertu dira Erremontari Herriz Herri ekimena herrian hartzeagatik eta ekimenak herriko kirol eskaintza zabaltzeko ahaleginean oinarri duela azpimarratu dute agerraldian.
Izan ere, jaialdiaren bitartez, herritarrek pilotako "modalitate ikusgarria" ezagutzeko aukera izango dute. "Erremontea gure kirol tradizionaletako bat da eta ez da ohikoa partidetaz zuzenean gozatu ahal izatea", aipatu du Valdivia alkateak.
Azkenik, eskerrak eman dizkiete Oriamendi enpresari eta pilotariei erremontea Lasarte-Oriara eta euren herritarrengana gerturatzeko egindako eskaintzarengatik.
Jarraian, Xabi Gonzalez Oriamendiko kudeatzaileak Erremontari Herriz Herri ekimena kirol hori herrietara zabaltzeko eta jendeak ezagutzeko modu bat dela adierazi du.
Eta hark ere eskertza hitzak izan ditu Lasarte-Oriako udalarentzat: "Herrien konpromisoa eta laguntza garrantzitsua izan da proiektua aurrera eramateko".
Aurkezpena amaitzean, Barrenetxea IV eta Susperregi erremontariek pilotalekua eta pilotak probatzeko aukera izan dute.
Neurketak eta sarrera
Susperregi Lasarte-Oriako saioan izango da lehian; Barrenetxea IV ez, ordea.
Lehen norgehiagokan ikusi ahalko dugu aurrelaria Apezetxea lagun duela; Gurrutxaga-Aiestaran VI izango dituzte aurrez aurre.
Bigarrenean, aldiz, Ansa II-Juanenea eta Ezkurra II -Azpiroz bikoak izango dira lehian.
Antolatzaileek eta udal ordezkariek herritar guztiei jaialdira hurbiltzeko gonbita egin diete sarrea doakoa izango baita.
Horrez gain, ohartarazpen bat ere egin dute, pilotalekuko ohiko sarrera itxia dagoenez, herritarrek kirol guneko sarrera nagusitik igaro beharko dira eta pilotalekura iristeko jarriko diren seinaleak jarraitu beharko dituzte kantxara iristeko.
"Kiroldegiko lanak martxan dauden arren, guretzat garrantzitsua zen erremontea Lasarte-Oriara ekartzea. Hurrengo urtean, beste egoera batean egotea eta erremonte partida gehiago eskaintzeko aukera izatea espero dugu", azaldu du Pildain kirol zinegotziak.