Herriko atleta eta korrikalariak ederki lehiatu dira hitzordu ezberdinetan

Txintxarri Aldizkaria 2025ko eka. 11a, 10:30

Mari Carmen Olaso herritarra, master mailako Euskadiko txapelketan lortutako dominekin. Arg.: M. C. Olaso.

Lasarte-Oriako atleta eta lasterkariek proba ezberdinei egin diete aurre hilaren 7 eta 8ko asteburuan. Herriko ordezkariak lehen postuetan sailkatu ziren eta dominarik ere jantzi zuten

Pistan, esate baterako, Mari Carmen Olaso herritarrak kolore ezberdinetako lau garaikur eskuratu zituen master mailako Euskadiko txapelketan, Durangon (Bizkaia). 

Lau proba lehiatu zituen eta 400 m. (01.38,39) zein 5.000 m. (23.12,52) lasterketan garaile izan zen 55 urteko mailan eta 800 m. (03.24,38) zein 1.500 m. (06.35,13), aldiz, bigarren mailara igo zen.

Horrez gain, Ostadar SKTko Eider Redondo eta Iraia Alkorta Pirinioarteko txapelketan lehiatu ziren Gipuzkoako selekzioarekin, Donostian. Alkorta 4x100 m. erreleboan lehiatu zen eta bigarren (49.32) amaitu zuen laukoak lasterketa. Redondo, ordez, laugarren izan zen luzera jauziko proban, 5,49 markarekin.

Errepideari dagokionez, Irungo Milia 5K Salto Foundation proba lehiatu zen hilaren 8an. Bost kilometro probako Euskadiko txapelketa egon zen jokoan federatuentzat. Ostadar SKTko Sergio Ramirezek 16.58 egin zuen helmugan eta Olaso emakumeen artean bederatzigarren postuan sailkatu zen, 22.45.

Ordu batzuk lehenago, Donostiako Binter Nightrun lasterketako 10k eta 5k proban ere izan ziren lasarteoriatarrak korrika. Proba luzean Julen Ormazabal herritarra lehen hamarren artean izan zen 36.05 markarekin.