Lankidetza hitzarmena sinatu dute udalak eta Aterpea merkatarien elkarteak

Txintxarri Aldizkaria 2025ko eka. 10a, 18:00

Argazkia: Lasarte-Oriako Udala

Udalak 25.000 eurorekin lagunduko du Aterpea merkatarien elkartearen jarduna. Lankidetza hitzarmena sinatu dute hori egikaritzeko

Lasarte-Oriako Udalak eta Aterpea Merkatari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkarteak tokiko merkataritza sustatzeko konpromiso bateratua berritu dute berriki; 2025eko lankidetza hitzarmena sinatu dute berriki. Agustín Valdivia alkateak eta aipatu merkatarien elkarteko lehendakari Mabel Pedreirak sinatu dute akordioa; ondoan izan dituzte Sozioekonomia zinegotzia, Nuria Fernández, eta elkarteko zuzendaritza batzordeko beste bi kide ere: Ana Laureano eta Mari Mar Palacios. Guztira, 44.891 euroko aurrekontua aurreikusi du Aterpeak kanpaina guztietarako, eta hori 25.000 eurorekin lagunduko du udalak. 

Hitzarmena 2025eko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean, eta merkataritza dinamizatzeko hamar ekintza espezifiko barne hartuko ditu: Udaberriko Festa, Eskuratu 1.000 euro kanpaina, Santa Ana Pintxoa, Stock Azoka, Udazkeneko Festa, Pintxoaren IX. Ibilbidea, Gabonetako Kanpaina, Parking Kanpaina, publizitate eta sustapen jarduerak eta bazkideak erakartzeko kanpaina bat.

Tokiko merkataritza sarearen garrantzia azpimarratu du alkateak: “Hurbileko merkataritza eta ostalaritza dira gure hiri bizitzaren bihotza; hitzarmen honekin enplegua eta gizarte kohesioa sortzen duen rola indartzen dugu”.

Sozioekonomia zinegotzi Fernandezek, aldiz, nabarmendu du akordioari esker urte osoan "programazio egonkorra" eskainiko dela, “kaleetan animazioa eta kontsumorako hobariak uztartuz, herri barruko eta kanpoko bezeroak erakartzeko”.

Aterpeako lehendakari Pedreirak, berriz, erakundearen babesa eskertu du, eta honako adierazpenok egin ditu: "Inbertitutako euro bakoitza salmenta, ikusgarritasun eta merkataritza sare indartsuago batean itzultzen da".

Hemendik aurrera, Sozioekonomia sailak eta merkatarien elkarteak koordinatuko dute kanpainen egutegia eta horren hedapena. Udalaren laguntzaren % 60 hitzarmena sinatutakoan jasoko du Aterpeak, eta gainerako % 40 gastuak justifikatu ondoren, akordioaren klausuletan hitzartutakoaren arabera.