Zilarrezko dominak, Euskadiko txapelketetan

Txintxarri Aldizkaria 2025ko eka. 10a, 14:30

Donostia Arraun Lagunak, Goenaga (erdian, bigarrena ezkerretik) eta Mendizabal (eskubian, lehena ezkerretik), podiumetan. Arg.: Bermeoko Udala/Ur Kirolak

Arrauneko zaletuek bi hitzordu garrantzitsu gozatu ahal izan dituzte hilaren 7an eta 8an. Aulki mugikorreko zein traineruen Euskadiko txapelketak lehiatu dira eta herritarrek zilarrezko dominak jantzi dituzte bi probetan

 

Legution (Araba) Aulki mugikorreko Euskadiko txapelketa jokatu zen, hilaren 7an. Bi probetan herritarrak izan ziren podiumean.

Jubenil mailako 2x lehian bi lasarteoriatar izan ziren nor baino nor; Nahia Goenaga herritarra (Donostia Arraun Lagunak) eta Enara Arruti (Ur Kirolak). Goenagak bigarren postua eskuratu zuen Ane Villagarciarekin batera (08.56,36); Arruti, aldiz, laugarren izan zen Cruz Intza Elizasu lagun zuela (09.26,49).

PR2 mailan ere izan zen saririk, Eneko Mendizabal (Ur Kirolak) herritarrak bigarren amaitu zuen lehia (11.02,80) 

Traineruetan ere, bigarren

Hurrengo egunean, Bermeora (Bizkaia) egin zuen bidaia Goenaga herritarrak; Donostia Arraun Lagunak taldeak traineruen Euskadiko txapelketa lehiatu baitzuen. Lurretik animatu zuen Lugañene arraunlari gazteak, baina brankan Aiora Belartieta herritarra izan zen borrokan.

Bigarren txandan, lehia estua izan zuten Tolosaldearekin. Hasieratik aurre hartu zuten bi ontziek eta ziabogara pareko iritsi ziren. Bigarren luzean Tolosaldeak aldea hartuko zuela zirudien arren, azken metroetan Lugañene parean jartzea lortu zuen. Tolosarrek ez zuten amore emango, ordea eta azken ahalegina eginez bandera eskuratu zuten. Donostia Arraun Lagunak bigarren izan zen 78 ehunekoetara.