Bizitzak eta zaintzak "erdigunean" jartzeko proposamen integrala aurkeztu du EH Bilduk

Txintxarri Aldizkaria 2025ko eka. 9a, 13:22

EH Bilduko zinegotzi Oihan Agirretxe, zutik, proposamenari buruzko azalpenak ematen. Argazkia: Lasarte-Oriako EH Bildu.

Zaintza sistema "sendo eta bidezko bat" eraikitzeko asmoz, lanketa sakon bat aurrera eraman du Lasarte-Oriako EH Bilduk. "Gaur egungo gabeziei aurre egitea eta etorkizuneko erronkei heltzea" dira udal talde horren helburuak. Proposamenaren nondik norakoak eta neurri zehatzak azaldu dituzte Mirentxuko aretoan.

Aipatu proposamen horretan jaso dituzten neurri zehatzetako batzuk hauek dira:

  • Zaintza eredua birpentsatzeko prozesu parte hartzailea abiaraztea, herritarren, sektoreko profesionalen eta eragileen inplikazioarekin. Prozesu horretarako 20.000 euroko aurrekontua aurreikusi dute EH Bildukoek.
  • Bakardade ez desiratuari aurre egiteko, gizarte dinamizatzaile bat kontratatzea, auzo zaintza eta boluntario sareak sortzeko helburuarekin.
  • Desgaitasun eta mendekotasun egoeran dauden pertsonen arreta hobetzea: etxez etxeko laguntza zerbitzua indartu, langileen lan baldintzak hobetu eta zahartze aktiboa sustatzeko programak garatuta.
  • Bazterkeriari eta babesgabetasunari aurre egiteko neurriak hartzea, besteak beste, harrera bulego integrala sortzea, errolda soziala eta harrera protokoloak ezartzea, eta babesgabetasun egoeran dauden haurrei zuzendutako programak sendotzea.

EH Bilduko kideek azpimarratu dute "erronka handiak" dituela aurretik udalerriak eta "zaintzaren esparruan eragiteko ahalmena" badutela udalek, baita Lasarte-Oriakoak ere. Norabide horretan, alderdi politiko horrek lanean jarraituko du "herritarren ongizatea erdigunean jartzeko".