Abisu horiak iragarri dituzte gaurko eta biharko, beroagatik eta euriagatik

Txintxarri Aldizkaria 2025eko ekainaren 10a

Donostia etorbidean dagoen termometroa.

Euskalmet agentziak jakinarazi du abisu horia ezarri duela udalerrian, gaur eta bihar, 30 gradu baino gehiago egingo dituelako. Horren aurrean, Lasarte-Oriako Udalak honakoa gomendatu die herritarrei: ur asko edateko, eguzkipean ez egoteko 12:00etatik 19:00etara, jarduera fisiko bizia murrizteko eta zaurgarriak diren pertsonengan arreta berezia jartzeko.

Horrelako egun beroetan oso ohikoa izaten da eguna ilundu eta euria egitea, barra-barra. Antza denez hori gerta liteke bi egun hauetan, beraz, udalak arduraz jokatzeko eskatu die herritarrei. Gaurko ohartarazpena 18:00etatik 00:00etara izango da eta, ordubetean, metro karratuko hamabost litro edo gehiago pila daitezke; biharkoa, berriz, 15:00etatik 00:00etara izango da eta, ordubetean, metro karratuko hamabost litro edo gehiago pila daitezke.